Deabruaren Eskola hiru literaturzaleren artean sortu dute: Irati Jimenez idazlea eta kazetaria, Esteban Montorio diseinatzailea eta Mikel Soto idazle eta editore ohia. Webgune jaio berriak (DeabruarenEskola.eus) helburua du euskaraz idatzitako testu eta testigantza ederrenak biltzea, sormena sustatzea eta literaturaren ezagutza zabaltzea.
Poemak, elkarrizketak, analisi kritikoak, gutunak, kronikak, narrazio zein eleberrietako pasarteak, fikziozko eta ez-fikziozko lanak, era guztietako testuen zatirik ederrenak biltzen ditu Deabruaren Eskola webguneak, jatorriz euskaraz egindakoak zein euskarara itzulitakoak. Aukeratutako testu bakoitza gutxienez argazki edo irudi batekin argitaratzen da, bere jatorrizko iturriarekin eta posible den guztietan, iturriaren estekarekin. Gehienak aurrez argitaratutakoak diren arren, badira baita webgunerako berez sortu diren lanak eta itzulpenak, baita argazki ineditoak ere.
180 sarrerarekin abiatu da webgunea. Gai, etiketa eta autoreen araberako aurkibide batean daude sarrerak.
Batasun tematikoaren arabera antolatutako atal bat ere badu webguneak, Aker Larrea izenekoa. Han erreportaje monografikoak argitaratuko dituzte bi hilabetean behin,
euskal literaturaren garrantziren bat izan duten gaien ingurukoak. Momentuz hiru argitaratu dituzte, Gernika, Jazza eta Prostituzioa gaiak ardatz hartuta.
"Leizeko Eskola" izeneko atal bat ere badu webguneak. Halako egitasmo pedagogiko bat egongo dela iragartzen dute, baina ez dago argi ikastetxez ikastetxe ibiliko diren, edo beste era bateko didaktika bat irekiko duten. Abisatuko dutela diote, eta horretarako beren hilabeteroko buletinera harpidetzeko.,
Buletin horretara harpidetzeko, webguneko orrien oinetan formularioa. Bestalde, Twitterren ere jarrai ditzakezu: @deabruaren
Erantzun
Sartu