Teknologia albisteak

Inor gogoratzen da Letraset-ekin?

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-12-23 : 10:19

Bizitza modernoko produktu zehatz bat, zabalkunde handia izan zuena, eta bapatean desagertu zena: Horietako bat dira Letraset orriak. Ezer txukun inprimatu eta aurkezteko premia izan bazenuen 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, ordenagiluak iritsi baino lehen, gogoratuko duzu.

Letraset orriak hainbat karaktere errepikaturen errenkadak zituen, letren kasuan, espainolezko edo frantsesezko frekuentzien araberakoak, eta letra-tipo desberdinetan, baita letra larri eta xeheen bereizketarekin, edota sinboloetara dedikaturiko orriekin ere (Zapf Dingbats estilokoak eta).

Kaligratik aparte, etxean edo bulegoan testua zuzenean ekoizteko modu bakarra idazmakina mekanikoa zen garaian, makinen letra-tipo beti finko eta tipikoarekin; testu batean izenburu bat, atal bereziren markatu, edo sinbolo gehigarri batzuekin zerbait ilustratu nahi zenean, Letraset erabiltzea zen ohikoa.

Orria hartzen zenuen, eta arraspa egiten zenuen gainetik paper zati edo tokatzen zen gainazalaren gainean: kalkamonia bat bezala, baina busti gabe. Letrak itsastean, Letraset orritik desagertzen ziren... tinta letraz letra transferitzeko metodo bat zen.

1960. urtearen inguruan Londresen sortu zen enpresa batek asmatu zituen Letraset orriak. Gero beste marka batzuetako produktu antzekoak ere gehitu ziren (irudian, Letraset original bat eta beste batekoa ageri dira). 1990eko hamarkadan, autoedizioa, ordenagailuak eta inprimagailuak agertzearekin batera, egunetik gauera itzali zen Letraset-en premia eta negozioa.

Letra-tipoen diseinatzaile nabarmenek egin zuten lan Letraset-en, eta haien lanetako batzuk garai digitalean iraun dute. Esate baterako, Compacta letra-tipoa. 

Enpresa originala oraindik bizi da, itxura batean rotulkiak egiten. Sarean, berriz nostalgiko edo historialari industrialen lana dago, artxibo digitala egiten ari dira Letraset eta beste produktu batzuen kopia digitalak egiten.

Informazio gehiago: Wikipedia /Microsiervos

Erantzun

Sartu