Eusko Jaurlaritzaren Itzuli itzultzaile neuronalak plugin interesgarri bat du orain, luzapen bezala instalatu daitekeena Chrome eta Firefox nabigatzaileetan: Itzuli Plus. Ordenagailuarekin zabiltzanean praktikoa da. Nabigazio barran agertzen den ikonoaren bidez, edo testu zati aukeratuta eta saguaren eskumako botoia sakatuta aktibatu daiteke.
Euskarazko itzultzaile automatikoek azken aldi honetan emaitza oso ona ematen dute, eta kalitate horixe da plugin honen bidez lortzen duzuna. 4.000 karaktere arteko testuak itzultzen ditu aldi berean. Bere hizkuntza bikoteak dira euskaratik gaztelera, ingeles, eta frantsesera; eta alderantziz. Testu jakin bat aukeratuz gero, normalean defektuz hizkuntza-bikote bat aktibatuta dagoela ikusi dugu. Ez bada tokatzen zaizuna, agertzen den leihoko menuan hizkuntza-bikotea edo norabidea aldatu, eta gezi bikoitzen ikonoari eman itzulpena berregiteko.
Pluginak beste leiho gehigarri parea ere badauka: Hiztegiak eta Wikipedia. Hiztegiarena hitz solteak bilatzeko da (funtzio horretarako, akaso Euskalbar hobea da), eta Wikipedia beste barik Wikipedian bilatzeko. Benetako aberastasuna litzateke Wikipediako erdaretako kodea ulertu eta itzuliko balu, esteka eta guzti, baina tira... bego ideia hurrengo bertsio bat garatzen duenarentzako.
Testu originala edo itzulitakoa ahots sintetikoz entzuteko aukera ere ematen du luzapenak; eta dirudienez, input edo sarrerak ahotsez (mikrofonotik) egiteko aukera ere izan lezake laster tresnak.
Instalazio orrian gomendatzen dutenez, ondo funtzuonatzeko nabigatzailearen hizkuntza konfiguratu behar da, euskara edo gaztelania izan dadin. Noski, bi aukera horien artean, hobeto euskaraz konfiguratzen baduzue, eta horretarako lehenhitza.eus webguneak emango dizue aukera.
Luzapena jartzeko:
Albistea UZEIren txio batetik jakin dugu, eta irudia haiena da.
Erantzun
Sartu