Teknologia albisteak

Aina, katalanaren biziraupen digitala ziurtatzeko proiektua

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-12-14 : 09:35

Kataluniako Gobernuak hizkuntza katalanaren digitalizazioan aurrerako jauzia egiteko helburu duen programa aurkeztu zuen joan den astean, Aina izenekoa. Lau urterako baliabide digital eta linguistikoak sortzeko proiektu bat. Azpiegitura multzo bat sortu nahi dute Katalunian dagoen Barcelona Super Computing Center (BSC) erakundearen laguntzarekin,

Kontua ez da ahotsarentzako laguntzaileak gehigarriak sortzea, ez beste Alexa bat (Amazonen ahots-laguntzailea) edo Siri bat (Apple gailuetan txertaturiko ahots-teknologia, baizik eta atzean dauden teknologia-enpresa globalak edo lokalak oinarrizko azpiegituraz eta datuez hornitzea, beren sistemetan aplika ditzaten. BSCk sortuko dituen eredu guztiak erabili nahi dituzten enpresa edo entitate guztien eskura egongo dira, irekian eta lizentzia onargarriekin argitaratuko baitira.

Oraingoz, lehen urratsa katalanaren testu-corpus erraldoi bat eraikitzea da, 1.770 milioi hitz, 95 milioi esalditan bilduak; eta horien analisi aurreratu bat egitea BSCren bitartez. Adimen artifizialean erabiltzen den konputazio indarra eta teknikak erabiliko dira korpusari etekina ateratzeko.

Generalitateak 13,5 milioi euroko aurrekontuarekin hornituko du Aina. AI siglei (adimen artifiziala, Artifficial Intelligence ingelesez) egiten die erreferentzia izenak, baina aldi berean hizkuntzalari batena izena da: Aina Moll, zein 1980 eta 1988 urteen artean Generalitateko Hizkuntza Politikako lehen zuzendaria izan zen.

Proiektua ostegunean aurkeztu zuen Generalitateak, Jordi Puigneró sailburuarekin (herri administrazio eta politika digitaletako saila zuzentzen du Generalitatean). Puignerók esan zuen ekitaldian “oso litekeena” dela Alexak katalanez hitz egitea, Espainiako Kongresuak edo Auzitegi Gorenak katalanez hitz egiteko aukera eman aurretik.

Erantzun

Sartu