Amazon denda globalaren nagusitasunaren kontrako ekimen eta iritziak zabaltzen ari dira azken aldi honetan Euskal Herrian. Duela egun batzuk, Ikastolen elkarteak protesta egin zuen Amazonek ikastolen izena sustapen ekintza batean profitatu nahi izateagatik. Era berean, Oiartzunen, Amazonek zentro logistiko bat egin nahi duela eta, kezka zabaldu da herrian eta oro har Gipuzkoako merkataritza txikian.
Urritik aurrera, Espainiako Amazon adarrak “un click para el cole” kanpaina abiatu zuen, hainbat erosketetan balioaren %2.5 ikastetxe batzuetara bideratzeko. Ikastetxea aukeratzeko orduan, zerrenda luze batean aukera ugaria zegoen, eta hortxe ziren Hego Euskal Herriko ikastola asko ere. Ikastolen elkarteak, jakindakoan, protesta egin zuen, eta esijitu Amazoni bere izenak kentzeko. Noski, baimenik eskatu gabe agertu ziren ikastolak kanpainam.
Motibo hauek aipatu zituen Ikastolen elkarteak Amazonen neurria kritikatzeko:
• Ez delako bidezkoa helburu komertzial hutsa duten dohaintza horiek Ikastolek jasotzea.
• Kanpainak, plataforma horretan erosketak sustatzeko helburua izanik, gure herrietako komertzioei zuzenean eragiten dielako eta, ondorioz, baita herri eta auzoetako bizimoduari ere.
• Horrelako kanpainak zein plataformak Ikastolen izaeraren aurkako mehatxu direlako.
• Ikastolok herrigintza dugulako helburu eta herri zein auzoetako eragileekin lanean jardutea eta elkar zaintzea bultzatzen dugulako.
• Gure komunitatea osatzen duten ikasle, familia eta langileentzat gertuko erreferenteak behar ditugulako: helburu komunitarioa bultzatuko duten ekimenak, euskaraz bizitzeko aukerak emango dizkigutenak, interkooperazioa bultzatzen dutenak… Eta Amazonek eta antzeko plataformek kontrako norabidean garamatzatelako.
Irakurri hemen Ikastolen ohar osoa.
Oiartzunen, Lanbarren industrialdean zentro logistiko bat ezarri nahi du Amazonek. Garraio enpresa batek (San Jose Lopez, SJL) bertan daukan logistika instalazio batzuk inbertsio fondo batek (Panattoni) erosi omen ditu, eta jabetza aldaketarekin bertan ezarriko omen da laster Amazon.
Zaldunborda Gelditu izeneko plataformak egin du proiektu honen kontra. Elkarretaratzeak izan dira, eta agiri bat ere banatu dute. "Supremazismo ekonomiko basatiaren paradigma irudikatzen duen Amazon multinazionalak birrindu dezake dagoeneko dezente kalteturik dagoen geure gertuko merkataritza".
Proiektuaren kontra agertu dira halaber merkataritza txikiaren aldeko euskal elkarte batzuk (Dendartean eta Euskaldendak). Oiartzungo Udalbatzak kezka azaldu du, baina ez dago argi ezer egin ote dezakeen industrialde horretan Amazon ez ezartzeko: logistika jardueretarako baimendutako eremua da, eta jarduera horrekin jarraituko du tokiak, beste jabe batzuekin bada ere.
Erantzun
Sartu