Teknologia albisteak

“Ada Lovelace, zenbakien liluratzailea” komiki-liburua

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-12-05 : 17:29

Haur eta gazteentzako “Ada Lovelace, zenbakien liluratzailea” komiki-liburua argitaratu du Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak. Historiako lehen programatzailea izan zela esan ohi da; matematikariaren bizitza eta ibilbidea haur eta gazteei gerturatzea du helburu komikiak.

 Komiki liburuak matematikariaren bizitza eta informatikaren alorrean zientziari egindako ekarpena haur eta gazteei gerturatzea du helburu. Ikaselkarrek Zientzialariak bildumaren baitan argitaratzen duen zazpigarren titulua da.

Helburu bikoitza du egitasmoak: batetik, haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea eta, horri lotuta, euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea eta, bestetik, haurrak eta gazteak zientziara gerturatzea, historian zehar izan diren zientzialari eta pentsalari handien biografiak eta lorpenak modu atseginean eta entretenigarrian kontatuz.

Jordi Bayarri egile eta marrazkilariak sortu du komikia. Maialen Berasategik itzuli du euskarara.

Ada Lovelace

Ada umetatik izan zen jakin-min handikoa, pentsa, txiki-txikitan hegan egiteko makinak ere asmatzen zituen eta. Bera hazi ahala hasi zen bere matematikarekiko interesa ere, eta horrelaxe erne zitzaion Charles Babbage sortzen ari zen makinarekiko jakin-mina. Izan ere, Adak haseratik jakin zuen trepeta hark sortzaileak berak imagina zitzakeen baina askoz gauza gehiago egin zitzakeela.

Bere matematika ezagutzei eta adimen sortzaileari esker, Adak algoritmo bat idatzi zuen, Babbageren makina analitikoak pertsonen inolako parte-hartzerik gabe kalkuluak egin zitzan. Askorentzat historiako lehen programa informatikoa izan zen formula matematikoa, hain zuzen.

 

Zientzialariak bilduma:

Zientziaren historian itzal handiko izenak aurki ditzakegu azken urteotan argitara emandako “Zientzialariak” bilduman. Hauexek dira bilduma osatzen duten tituluak:

  1. Marie Curie. Radioaren aktibitatea.
  2. Newton. Grabitatea ekinean.
  3. Galileo. Izarren mezularia.
  4. Darwin. Teoriaren eboluzioa.
  5. Aristoteles. Jakiteko irrika.
  6. Hipatia. Egia matematikan.
  7. Ada Lovelace. Zenbakien liluratzailea. 

Erantzun

Sartu