Teknologia albisteak

Burgosko Prozesuaren 50 urteak, zuzeneko kontakizunarekin

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-12-03 : 09:24

Gaur 50 urte, Burgosen, ETAko hamasei kideren kontrako epaiketa militarra hasi zen. Berriak, Twitterren beste zenbaitetan ikusi izan dugun teknika erabiltzea erabaki du: gaurdanik, @berria1970 kontuak duela 50 urte balego bezala, zuzeneko kontakizun kronologikoa egiten du, epaiketaren ordutegi berean (izatez, Berria duela egun batzuetatik ari da kontakizun hau egiten, kontatua du, adibidez, Beihl kontsularen bahiketa hasi dela).

Garrantzi politiko handiko gertaera izan zen Burgosko Prozesua.

ETAko 1960ko hamarkadako lehen ekintzetan hildako hiru pertsonaren hilketa leporatzen zitzaien, baina erantzukizun eta partehartze pertsonalen epaiketa baino gehiago, talde eta mugimenduaren eskarmentua zen gehiago bilatzen zena, hortik, adibidez, bi apaiz egotea akusatuen artean. Ehundaka urteko espetxe zigorrak zituzten eskaera, eta sei lagunek, heriotza zigorraren eskaera ere bai.

Erregimen frankistak bere bi etsai arriskutsuenak aldi berean eskarmentatu nahi izan zituen gainera: ezkerreko langile mugimendu gero eta indartsuagoa, eta separatismo edo abertzaletasuna, sentimentu nazional ez-espainola. Burgosko prozesua egun hauetan gogoratzen duen beste elementu bat Donostian ireki den erakusketa da. Haren katalogoak dioen bezala, "erabakigarria izan zen aldarrikapen nazional eta sozialek bat egitea, hots, erregimeneko polizia eragileek “bi birusak” izendatu zutena. Horren aurka, diktadurak errepresio zuzena berraktibatu zuen berehalako gerraosteko urte gogorrenetan."

Erakusketa hau (izenburu hau du: Burgos Prozesua, Frankismoari epaiketa) ikusgai dago Donostian, Donostiako EHU Kanpuseko Karlos Santamaria Zentroan. astelehenetik ostiralera 09:00etatik 20:30etara, Txillardegi aretoan, urtarrilaren 26a arte.

Erantzun

Sartu