Gaur betetzen dira 30 urte Hiri Hezitzaileen Gutunaren 30. urteurrena ospatzen dela. Euskal Herrian zenbait hirik egin dute bat urteetan zehar gutunarekin, tartean Donostiak, Bilbok, Iruñeak eta Gasteizek. Gutunaren edukiak gogoratzeko aprobetxatu dugu artikulu hau.
Gaurko eguna bera, azaroaren 30a, hiri hezitzaileen nazioarteko eguna da, eta bereziki ospatu da Gasteizen. Adierazpen instituzionala egin da, erakusketa bat dago ikusgai hirian egunotan, eta bideo bat prestatu dute.
Hiri hezitzailea izatea zertan datzan oroitzeko, PDF eran gordetzen den Gutunaren euskarazko bertsiotik bere 20 printzipioak ekarriko ditugu testu formatura, zeinak hiru ataletan bereizten diren.
1 Hiriko biztanle orok hiriak prestakuntzan, entretenimenduan eta norberaren garapenean eskainitako bitarteko eta aukerak askatasunez eta berdintasunez gozatzeko eskubidea izango du. Hiri hezitzailerako eskubidea proposatzen da pertsona guztiek hezkuntzarako duten funtsezko eskubidearen hedapen gisa. Hiri hezitzaileak konpromisoa etengabe berritzen du bere biztanleak bizitzan zehar eta era askotako arloetan prestatzeko. Eta hori ahalbidetzeko, talde guztiak eta bakoitzaren beharrak hartu beharko ditu kontuan.
Hiriaren plangintzan eta gobernuan, behar diren neurriak hartuko dira edonolako oztopoak kentzeko, hesi fisikoak barne, berdintasunerako eskubidea eragozten badute. Udal-administrazioa eta hirian eragiten duten beste administrazio batzuk izango dira horren erantzule; eta biztanleak beraiek ere zeregin horretan konprometiturik egongo dira, hala gizabanako bakoitzaren mailan nola pertsonak partaide diren elkarteen bidez.
2 Hiriak aniztasunean oinarritutako hezkuntza sustatuko du, betiere ulergarritasuna, nazioarteko lankidetza solidarioa eta munduko bakea helburu. Bazterkeria-mota orori aurre egingo dion hezkuntza izango da. Adierazpen-askatasuna eta kultura-aniztasuna sustatuko ditu, bai eta berdintasunean oinarritutako elkarrizketa ere. Halaber, abangoardiako nahiz herri-kulturako ekimenak onartuko ditu, beren jatorria edozein izanik ere. Merkatu hutseko irizpideek kulturaren sustapenean sortutako desberdintasunak zuzentzen lagunduko du.
3 Hiri hezitzaileak belaunaldien arteko elkarrizketa sustatuko du, ez soilik bizikidetza baketsurako formula gisa, baizik eta hainbat adinetako pertsona-taldeen arteko proiektu bateratuak eta partekatuak bilatzeko. Proiektuok bideratu beharko lirateke gizalegezko ekimenak eta ekintzak gauzatzera, eta baliagarriak izango dira belaunaldien arteko izaera duten heinean eta adin guztietako gaitasunak eta balioak aintzat hartzen dituzten neurrian.
4 Hezkuntza-izaerako udal-politika guztiek testuinguru zabalagoa izan behar dute xede, betiere justizia sozialean, gizalege demokratikoan, bizi-kalitatean eta beren biztanleen sustapenean oinarriturik.
5 Udalerriek eraginkortasunez erabiliko dituzte hezkuntzan dagozkien eskumenak. Eskumen horren irismena edozein izanik ere, hezkuntza-politika zabala egin beharko dute, zeharrekoa eta berritzailea, bere barnean hezkuntza formalaren, ez-formalaren eta informalaren molde guztiak hartuko dituena, bai eta hirian sortzen diren kultura-adierazpen, informazio-iturri eta errealitatea ezagutzeko bideak ere.Egingarritzat jotzen diren politikak ezartzea eta haien eraginkortasuna ebaluatzea dira udaladministrazioaren politika; horrez gain, estatu edo erregio mailako beste administrazio batzuen lege-erabaki egokiak lortzea ere bai.
6 Jarduketa egokia egiteko, hiriko udal-politikaren arduradunek beren biztanleen egoerari eta beharrei buruzko argibide zehatza izan beharko dute. Alde horretatik, azterlanak egin eta behar bezala eguneratuko dituzte, bai eta jendaurrean jarri ere. Halaber, gizabanakoei eta taldeei irekitako bide iraunkorrak ezarriko dituzte proposamen zehatzak eta politika orokorrekoak egiteko aukera izan dezaten.
Era berean, bere ardurapeko arlo orotan erabakiak hartzeko prozesuetan, udalerriak kontuan hartuko du erabakiek hezkuntzan eta prestakuntzan izango duten eragina.
7 Hiriak bere nortasuna, nortasun konplexua, aurkitzen, babesten eta aurkezten jakin beharko du. Horrexek egingo du hiria paregabe, eta elkarrizketa emankorraren oinarria izango da bai bere barnera, bai beste hiriekin. Hiriaren ohiturak eta jatorriak bateragarri izan behar dira nazioarteko bizimoduekin. Horrela, irudi erakargarria eskaintzeko aukera izango du bere naturaeta gizarte-ingurunea galarazi gabe.
Aldi berean, hirian mintzatzen diren hizkuntzen ezagutza, irakaskuntza eta erabilera sustatuko ditu, pertsonen arteko lokarria eta uztarketa-bide delakoan.
8 Hiriaren eraldakuntza eta hazkunderako, oreka aurkitu beharko da: premia berriak kontuan hartu bai, baina iraganaren nahiz izatearen eraikuntza eta ikur adierazgarri nabarmenek iraun egin beharko dute. Hiri-planifikazioak kontuan hartu beharko du hiri-inguruneak jende guztiaren garapenean eta jendearen xede pertsonalak eta sozialak integratzeko duen eragin handia, eta belaunaldiak nahiz kultura desberdineko pertsonak bereiztearen aurka jardun beharko du, denek baitute elkarrengandik zer ikasi handia.
Esparru fisikoa antolatuko da irisgarritasun, topaketa, harreman, jolas eta olgeta arloko beharrei jarraiki, eta naturara gehiago hurbiltzea hartuko da kontuan. Hiri hezitzaileak arretaz zainduko ditu mendetasuna duten pertsonen beharrak hirigintza, ekipamendu eta zerbitzuen planifikazioan, haiei ingurune atsegina bermatzeko eta izan ditzaketen mugaketak errespetatzeko, ahalik eta autonomia handienari uko egin behar izan gabe.
9 Hiri hezitzaileak herritarren parte-hartzea sustatuko du ikuspegi kritikotik eta erantzunkidetik. Horretarako, toki-gobernuak behar den argibidea eman eta, zeharkakotasunetik, balio etikoetan eta gizalegezkoetan hezteko orientabideak eta jarduerak sustatuko ditu.
Aldi berean, herritarrak guztien proiektuan parte hartzeko jarrera bultzatuko du erakundeetatik eta talde zibiletatik nahiz sozialetatik abiatuta, eta aintzat hartuko ditu bai ekimen pribatuak, bai eta berezko parte-hartze formak ere.
10 Udal-gobernuak biztanle guztien –eta, bereziki, haur eta gazteen– garapen pertsonal, sozial, moral eta kulturalarekin bat datozen esparru, ekipamendu eta zerbitzu publiko egokiez hornitu beharko du hiria.
11 Hiriak bere biztanle guztien bizi-kalitatea bermatu beharko du. Horrek berekin dakar natur ingurunearekiko oreka, ingurumen osasuntsurako eskubidea eta, horrez gain, etxe, lan, aisia eta garraiorako eskubidea ere, besteak beste. Aldi berean, aktiboki sustatuko du osasunerako hezkuntza eta biztanle guztien parte-hartzea garapen iraunkorreko jokabide egokietan.
12 Hezkuntza-proiektu esplizitua, edo hiriaren egituran eta erregimenean inplizitua dagoen hezkuntza-proiektua, hiriak sustatzen dituen balioak, eskaintzen duen bizi-kalitatea, antolatzen dituen ekitaldiak, prestatzen dituen edonolako kanpainak edo proiektuak gogoeta gai eta partaidetza xede izango dira, behar diren lanabesak erabilita, pertsonei –gizabanako gisa eta talde gisa– hazten laguntzeko.
13 Udalerriak ebaluatuko du haur eta gazteek inolako bitartekaritzarik gabe jasotzen dituzten kultur, josteta, informazio, publizitate edo beste era bateko proposamenen eta errealitateen eragina. Hala gertatzekotan, udalerriak zentzuzko azalpenak edo interpretazioak emango ditu inoren gogoa makurrarazi nahi izan gabe. Era berean, oreka jartzen ahaleginduko da babesbeharraren eta ezagutzarako autonomiaren artean. Halaber, prestakuntza eta eztabaidarako esparruak eratuko ditu, hirien arteko trukaketa barne, hiriek sortzen dituzten berritasunak biztanle guztiek beren gain erabat har ditzaten.
14 Hiria familiei behar bezalako prestakuntza ematen ahaleginduko da, haien seme-alabei hazten laguntzeko, haien seme-alabei hiriaren funtsa barneratzen laguntzeko, elkarrekiko begirunearekin bat. Alde horretatik, oro har, hezitzaileentzako prestakuntza-proposamenak garatuko ditu, bai eta hirian, nahiz eta maiz ohartu gabe, hezkuntza-eginkizunak betetzen dituzten pertsonentzat ere (gizabanakoak edo zerbitzu publikoetako langileak izan). Era berean, arduratuko da zuzenean udalerriaren mendean dauden segurtasuneko eta babes zibileko kidegoek proposamen horiekin bat jardun dezaten.
15 Hiriak beren biztanleei gizartean tokia betetzeko aukera eskaini beharko die; behar bezalako aholkularitza emango die beren orientazio pertsonalerako eta beren lan-bokazioa lantzeko, eta gizarte-jardueretan parte hartzeko aukera emango die. Hezkuntza eta lanaren arloari dagokionez, garrantzitsua da esatea harreman estua egon beharko duela hezkuntzaren planifikazioaren eta lan-merkatuaren beharren artean.
Alde horretatik, hiriek gizartearen eskaria kontuan hartuko dituen prestakuntzarako estrategiak definituko dituzte eta, aldi berean, sindikatuekin eta enpresaburuen elkarteekin elkarlanean arituko dira lanpostuak sortzeko eta izaera formaleko zein ez-formaleko prestakuntza-jarduerak bizitzan zehar antolatzeko.
16 Hiriak ohartu beharko zaizkie beren barnean dauden esklusio- eta bazterkeria-mekanismo eta -mota guztiei, eta behar diren politikak egingo dituzte halakoak zuzentzeko. Bereziki, iritsi berri diren pertsonei egingo diete harrera, etorkinak edo errefuxiatuak izan, hiria beraiena balitz bezala askatasunez sentitzeko eskubidea dutelako. Halaber, ahaleginak egingo dituzte auzoen eta haietako izaera guztietako biztanleen artean kohesioa sustatzeko.
17 Era askotakoak izan daitezke desberdintasunak zuzentzea helburu duten esku-hartzeak, baina guztiek pertsonaren ikuspegi osoa izan beharko dute abiapuntu, bakoitzaren interesek eta guztiei dagozkien eskubideek osatutako ikuspegi osoa, alegia. Esku-hartze esanguratsu orok koordinazioa bermatu beharko du tartean sarturik dauden administrazioen eta beren zerbitzuen artean. Halaber, administrazioen eta libreki eta demokratikoki antolatutako gizarte zibilaren arteko lankidetza sustatuko da. Izan daitezke hirugarren sektorea esaten zaion horretako erakundeak, gobernuz kanpoko erakundeak eta antzeko erakundeak.
18 Hiriak elkartegintza sustatuko du herritarren parte-hartzea bultzatzeko eta gizalegezko erantzunkidetasunari erantzuteko, dela komunitatearen zerbitzuko jarduketak bideratzeko, dela pertsonen garapen sozial, moral eta kulturalerako informazioa, materialak eta ideiak lortzeko. Aldi berean, prestakuntzan lagunduko du elkartegintzak berekin dakartzan erabakietan, planifikazioan eta kudeaketan parte hartzeko.
19 Udalerriak behar hainbateko informazio ulergarria bermatu beharko du eta, aldi berean, bere biztanleak informa daitezen sustatuko du. Aintzat hartuta gaur egun eskura dagoen informazio-jario handia aukeratu, ulertu eta tratatzearen balioa, hiri hezitzaileak guztien esku dauden baliabideak jarriko ditu. Udalerriak harrera berezia behar duten taldeak identifikatuko ditu, eta informazio, orientazio eta laguntzarako puntu espezializatuak jarriko ditu haien eskura.
Aldi berean, informazioaren eta komunikazioen teknologietan ikasteko programak ezarriko ditu, adin eta gizarte talde guztientzako ezarri ere, esklusio molde berriei aurre egiteko.
20 Komunitatearentzako gero eta beharrezkoagoa den helburua den aldetik, hiri hezitzaileak balioetan prestatu eta herritartasun demokratikoa lantzeko praktikak eskaini beharko dizkie biztanle guztiei: errespetua, tolerantzia, parte-hartzea, erantzukizuna eta gauza publikoaren aldeko interesa, bai eta bere programen, beren ondasunen eta bere zerbitzuen aldeko interesa ere.
Erantzun
Sartu