AEBetako Utah estatuko basamortuan metalezko egitura distiratsu bat aurkitu dute parke-zaindari batzuek. Eta aurkitu bezala, badirudi, azken orduetan desagertu egin dela dirudi. Metalezkoa izanik ez da teknikoki monolitoa (harri bakana), baina asoziazio artistikoagatik izen hori eman dio mundu guztiak eta hala ageri da Wikipedian jada. Objektuak sortu duen liluraren zergatia argia da: Space Odyssey liburu eta filmeko monolito beltza da askori datorkogun erreferentzia, zeina Stanley Kubricken filmaren hasieran, oso ingurune bertsuan ageri den.
Azken orduko albistea da, Utahko Bureau of Land Management delakoak iragarri duenez, monolitoa desagertu egin dela. Eta Bureau delakoak dio eurak ez direla izan...
Basamortuan egon den bitartean, harrizko zoruan zuzen eta gogor sartuta egon da, 2.9 metro garai zen eta hiru alde zituen. Altzairu herdolgaitza da materiala eta egikera gizatiar eta industriala du argi eta garbi. Misterioa da nork eraman duen puntu horretaraino eta zergatik.
Utahko eremu babestu batean agertu zen, eta ez dute ofizialki zein den izan, ez delako komeni turistarik bertara joatea: galdu egin daitezke, eta inguruko aztarna natural eta kulturalak kaltetu. Hala ere, bere kokapena publiko egin da eta batzuek ikusi dute 2016ko satelite irudi batzuetan jada han zegoela. Kokapen horri jarraituz eraman du orain norbaitek, auskalo monolitoaren egileak ala lapurrak.
Artista pare baten izenak aipatu dira egile posible gisa. Batek gezurtatu du, eta beste bat hila da 2011tik. Utahko naturparkeen arduradunek gogorarazi dute debekatua dagoela artelanak ezartzea gune babestuetan.
Arthur C. Clarkek idatzitako zientzia fikziozko lanean, gizakien aurretiko zibilizazio estralurtar baten oroigarri edo objektuak dira monolitoak. Nolabaiteko teknologiaren bidez eragin egiten dute inguruko izakiengan eta naturan, eta aurrerakuntza teknologikoa edo eboluzioa eragin. Kubricken filmaren hasieran, monolitoa ageri da hominidio batzuen artean. Nolabait, haren eraginez adimena pizten zaie (eta indarkeriarako joera!), eta gizaki bihurtzerainoko eboluzioa azkartzen da.
Monolito hau ez da Utahkoa bezalakoa: beltza da. 1:4:9 proportzioko taula lauki baten formakoak (lehen hiru zenbaki naturalen karratuak), eta materiala ez da analisagarria.
Film hasierakoaren ondoren, ilargian agertzen da beste monolito bat, astronauta batzuek aurkitua. Seinale bat igortzen duelarik monolito horiek Jupiter planetarantz, harantz zuzentzen da espazio esplorazioko ontzi bat.
Jupiterreko orbitan, proportzio bera duen beste monolito bat ageri da, baina tamainaz kilometrikoa. Arthur C. Clarkeren jarraipeneko eleberrian, 2010: Odyssey Two, monolito espazial hori biderkatzen hasten da, handitu eta zatitu partenogenesiz, eta miliokika monolito sortzen dira horrela zeinak Jupiter planetarantz zuzentzen diren. Helburu adimentsu bat du operazioak: Jupiterren masa biderkatzen doa harik eta fisikoki izar bat bilakatzen den, eta horrekin, bere orbitako satelite batean, Europan, bizitza eboluzionaturako aukera pizten da.
Erantzun
Sartu