Asteburuan izan da Jokoteknia jardunaldi, gamer komunitate euskaldunaren urteko topaketa. Jardunaldiak berarekin ekarri zuenaz aparte (bereziki 3000 Twitz kanpainaren abiatzea), lehen aurrerapen bat ere aurkeztu zuten, Bideo-jokoei buruzko euskarazko lehenengo argitalpena izango denarena.
Jokoteknia jardunaldietan bildutako txosten eta lanak dira liburuxkaren oinarria. Liburuxkak Jokoteknia 2018, 2019 eta 2020ko hamalau hitzaldietan oinarritutako artikuluak bilduko ditu.
Hiru urte horietan hainbat profesionalen ekarpenak jaso dira Jokoteknian, eta ondorioz, liburuxkak askotariko gaiak landuko ditu, besteak beste, euskal bideo-jokoen historia, ekoizpena, diseinua, itzulpengintza eta lokalizazioa, kontserbazioa eta feminismoa.
Game Erauntsiko kide Maitane Junguitu Komunikazio Doktorea da lan honen editorea. «Jadanik hiru artikulu amaituta daude eta gainontzekoak lantzen lanean ari gara autoreekin. Gure asmoa liburuxka PDF formatuan gure webgunean argitaratzea da 2020 urtea amaitu baino lehen. Hau Creative Commons lizentziapean zabaldu nahi dugu, edonork eskura izan dezan. Horretaz gain, euskal kulturaren hainbat eragileri proposatu diogu paperezko bertsio bat argitaratzea. Hau lantzen ari garen aukera bat da, baina paperean argitaratzea ez da gure lehentasuna”, azaldu du Junguituk.
Erantzun
Sartu