Teknologia albisteak

Euskaraldiko Wikierronka zazpi egunetarako

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-11-20 : 10:42

Euskaraldia hasi da gaur, eta horrekin lotuta antolatu diren hainbat kontuetan, Euskarazko Wikipediak planteatu duena datorren asterako: Wikierronka. Zazpi egunez Wikipedian barneratzeko gonbitea, Euskaraldiaren helburuekin bat eginez, "hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala" egitea.

Horra, zazpi eguneko erronka:

Astelehena, azaroak 23: Wikipedian murgiltzeko eguna

Wikipediako erabiltzaile kontua sortu eta pixka bat kuxkuxeatu (Laguntza orria begiratu, Proba orrian proba batzuk egin…).

Asteartea, azaroak 24: Kuriositatez betetako txokoa

“Ba al zenekien...” atalean (portadan agertzen da) agertzen den kuriositatea irakurri eta zure inguruko norbaiti kontatu.

Asteazkena, azaroak 25: Zure ingurua hobeto ezagutu

Zure herri edo eskualdeko pertsona ezagun baten artikuluan parrafotxo bat gehitu. Izan daiteke idazlea, kirolaria, politikaria…

Osteguna, azaroak 26: Argazki eta irudien garrantzia

Argazki bat gehitu artikulu bati. Jadanik existitzen det argazki bat gehitzea izan daiteke, edo zuk zeuk argazki bat atera, Commonsera igo eta txertatzea.

Ostirala, azaroak 27: Zer dakizu honi buruz?

Ausazko orria” botoia sakatu eta agertzen zaizun artikuluari informazioa gehitu. Lehenengo saiakeran ateratzen zaizun artikulua zailegia bada, saiatu berriz. Gogoratu, gehitu duzun informazioa zein iturritatik atera duzun jarri behar duzu.

Larunbata, azaroak 28: Emakumeak Wikipediara

Gizarteko beste sektore askotan bezala, Wikipedian genero-arrakala gauza nabaria da. Euskarazko Wikipedian dauden biografia guztien artean %17 baino gutxiago dira emakumeen biografiak. Beraz, gaurko erronka, emakume bati buruzko artikulu berri bat sortzea da. (ikus Wikiemakumeok proiektua)

Igandea, azaroak 29: Txikipedia, txikitasunean handi

Txikipediarenberri eman zure ustez interesatuta egon daitekeen norbaiti: irakasle bat, guraso den norbait… Eta, astea amaitzeko, idatzi zerbait Txikipedian: artikulu berri bat sortu edo existitzen den batean zerbait gehitu.

***

Proposamen/erronka hau planteatzen dizue Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak.

Erantzun

Sartu