Teknologia albisteak

Jokoteknia Bideo-jokoen III. Euskal Jardunaldia online egingo da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-11-16 : 13:21

Azkue Fundazioak eta Game Erauntsiak antolatutako Jokoteknia Bideo-jokoen III. Euskal Jardunaldia Bilbon dagoen Euskararen Etxean egingo da, azaroaren 28an, 9:45etik 14:00etara. Ekitaldia baina, streaming bidez baino ezin izango da ikusi, egun bizi dugun osasun egoera tarteko. Azkue Fundazioaren Youtube kanalaren eta Game Erauntsiaren Twitch kanalaren bideratuko da jarraipena.

Jokoteknia jardunaldiarekin batera, Game Erauntsiak antolatzen duen 3000 Twitz kanpaina abiatuko da. Hurrengo astean aurkeztuko den 3000 Twitz kanpainaren bitartez Interneten euskaraz jarduten duten sortzaileei ikusgaitasuna ema nahi zaie. Aldi berean, Twitch plataforman euskara ofiziala bihurtzeko eskaera babestuko da.

Jardunaldiaren edukiaren harira, lau hitzaldi izango dira, eta ondoko gaiak landuko dira: animazioa bideo-jokoetan, bideo-jokoen lokalizazioa, katalana eta bideo-jokoak eta eJokoak familian. “Game Erauntsia eta Azkueren arteko lankidetzaren xede nagusia komunitatea sortzea da, eta ondorioz, orain arte elkarlanean antolatutako ekitaldietan askotariko gaiak jorratu ditugu eta hainbat profiletako pertsonak bildu ditugu, tartean, profesionalak, zaleak eta ikasleak”, esan du Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendariak.

Hizlariei dagokienez,  Julen Urrutiak, Senior 3D Character Artist-a Axis Studios konpainian, Animazioa bideo-jokoetan izenburuko hitzaldia emango du; Lingua Vox itzulpen-agentziako Itziar Zorrakinek Bideo-jokoen lokalizazioa aztertuz izango du hizpide; Pantallas Amigas erakundeko Igor Garmide hezkidetzaileak eJokoak familian. Talde eta norbanakoentzako onurak gaia jorratuko du; eta, azkenik, Bartzelonako Universitat Autònomako Traducció i d’Interpretació fakultateko irakasle Laura Santamariak Katalana eta bideo-jokoak. Itzulpen ekoizpen eta praktika izeneko berbaldia eskainiko du.

Egitaraua

9:45. Aurkezpena.

10:00. Animazioa bideo-jokoetan. Julen Urrutia, DigiPen-en formatutako profesionala.

10:35. Bideo-jokoen lokalizazioa aztertuz, Itziar Zorrakin (Itzultzailea eta ikertzailea).

11:05. e-Jokoak familian. Talde eta norbanakoentzako onurak. Igor Gaminde, hezitzailea. https://jokoteknia.eus/speaker/igor-garmide/

11:40. Atsedenaldia.

12:15. Katalana eta bideojokoak, itzulpen ekoizpen eta praktika. Laura Santamaria, Ikus-entzunezko itzulpen irakaslea Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (UAB)

12:50. Mahaingurua. Digipen eta Harrobiam formakuntza zentroetako ikasleekin.

13:30. Amaiera ekitaldia.

 

Erantzun

Sartu