Bergarako Laboratorium Zientzia Museoak erakusketa ireki du abendua bitartean: "Heriotzarako erromatar ohiturak Soriako Tierras Altas eskualdean". Izen zientifiko zehatz hori, azpititulu batekin lagunduta dator: "Euskararen aztarnak antzinako epigrafian". Hain zuzen ere, azken urteetan Sorian agertutako estela interesgarrien artean, sei ale ekarri dituzte Bergarara, eta haien kontestua azalduz antolatu da erakusketa. Kultura ekitaldiak eta museoak irekita daudelarik, bisitak posible dira, baina bakarrik Bergarakoa edo herri mugakide batekoa bazara.
Aitzineuskara edo Akitaniera deitu izan zaio Soriako hilarri hauetan aurkitutako izen batzuetako hizkuntzari. Erromatarren kolonizazioko garaikoak dira, kristo ondorengo I. eta II. mendeetakoak. Heriotzari lotutako monumentuak dira, hilarria, eta badirudi pertsona-izenetan daudela oihartzun euskeriko argiak: Onse, Onso, Oandissen, Agirseno, Arancis, Sesenco, Lesuridantar eta Velar-thar. Izen hauen artean Zezenko edo Sesenco egin da ezagunena, eta estela hori badago Bergaran.
21. mendean Eduardo Alfaro Peña arkeologoak egindako aurkikuntza eta ikerketen ondorioa da estela multzo hau identifikatu izana. 2019an, bereziki, sona lortu zuen Alfaro Peñaren lanak hedabideetan, eta iazko udan bertan egindako erakusketa batek interesa erakarri zuen, baita Euskal Herritik joandako bisitari askorena. Harrezkero Bergarako Museoko arduradunak erakusketa haren antzekoa egiten saiatu izan dira. Udaberrian zen egitekoa lehenbizi, baina pandemiak atzeratu zuen; udazkeneko aukera hau, bisitatzeko aukera murritzekin, ez da egokiena ere, baina garraio baimenak antolatzea ez zen erraza, eta beste atzerapen bat aukera luzerako galtzea izan zitekeen.
Abenduaren 20a arte dago bisitatzeko aukera, Deba arroko herrietako biztanle batzuentzat bederen.
Informazioa:
Erantzun
Sartu