Diego Garate, Joseba Rios Garaizar euskal arkeologoek eta beste ikerlari batzuek, ikerketa inportante bat argitaratu berri dute (beste zenbaitetan ere aipatu ditugu Sustatun, adibidez Lumentxako bisonteen harira). Aitzbitarteko leizeko grabatuen teknika eta estiloa aztertuz, Europako garai bateko estilo zehatz eta kronologikoki datatu batekoak direla konprobatu dute.
Duela 27.000 urte, Aitzibitarten eta Europa Mendebaldeko beste 17 leizezulotan estilo eta teknika zehatz hau erabili zen. Arte labarraren historia milaka urtekoa da, gure historia idatzia baino askoz ere sakonago eta luzeagoa denborab, eta bere baitan estiloak edo "moda" tenporalak daudela demostratu dute. Artikulua PLOS aldizkarian irten da, eta osorik jaitsi daiteke bertatik. Elhuyarrek euskarazko laburpen txukun bat idatzi du.
Errenteriako haitzulo multzo bat da Aitzbitartekoa, eta leize zehatz batzuetan aurkitu zituzten grabatu hauek 2016an.
Perspektiba apurtua edo ez naturalista da estiloaren adierazgarrietako bat. Perfilez grabatu zituzten animaliak Aitzbitarteko artistek, baina hanka pareak egitean, edo adarrak marraztean, haiek paraleloan aurretik ikusiak balira bezala irudikatu. Estilo berezi hori da Europako beste kobazulo batzuekin lotzen dena.
Adi goiko bisonte honi. Atzeko hanka parea eta buru gaineko adarrak perspektiba oker horrekin eginak daude. Beheko uro ado ganadu basatiaren aurreko hankak berdintsu.
Beheko panel honetan, berriz, bi animalia. Eskumatan identifikatu gabeko animalia baten atzealdea, gorputza perfilez du, baina hankak ikusten dizkiogu ipurdira begira marraztu izan bagenizkio bezala. Ezkerreko buruan, ikuspegi modernoz, asto belarriak iruditzen zaizkigu akaso horiek, baina berriz ere uro gisa identifikatu dute ikerlariak, eta bi adar zuzen dira marraztuak.
Grabatuak egiteko zein lanabes erabili ziren ere aztertu dute, eta hori ere estilo jakin honen hedapenarekin lotu dute. Lanabes horiek duela 31.000-29.000 urte agertu ziren mendebaldeko Pirinioetan; gerora ekialderantz zabaltzen hasi zirenak, gaur egungo Frantzia alderantz; eta azkenean Mediterraneo aldera heldu ziren. Estiloaren hastapen puntua, beraz, Euskal Herritik gertu zegoen, baina euskal leizeetan ez da haren aztarnarik, ez bada Aitzbitarten identifikaturiko hau.
Amaitzeko, beste irudi eder bat, zaldi bat.
Zaldi honetan ez da agerikoa hanka paralelon estilo adierazgarri hori, baina irudi bikaina da, eta detailetxo bat pentsatzeko balio diezagula: Aitzbitarteko zaldi honetatik (27.000 urte) Ekaingo zaldietara (13.000 edo 14.000 urte), tarte bertsua dago Ekaindik guganaino beste.
Erantzun
Sartu