Nikolas Aldai (Errezil, 1947 - Hondarribia, 2020) kazetari eta irrati esataria hil da gaur. Bertsolaritzari buruzko Euskadi Irratiko Eta Hitza Jolas bihurtu zen saioa sortu eta zuzendu zuen (Hitza Jolas izenera laburtu zen aurrerago). Bertsoen dokumentazio historikoan lan asko egindakoa izan da Aldai, gainera.
Aldai 1970an hasi zen irratigintzan, Donostiako Herri Irratian. 1982an Euskadi Irratia sortu zuten, eta han hasi zen lanean. 1988an hasi zen bertsolaritzari buruzko irratsaioak zuzentzen, eta Euskadi Irratiko bertso-irratsaioen arduraduna izan zen 1988tik aurrera. Zenbait programan eta lehiaketa jarraipen egin ondoren, 1993. urtean, Eta hitza jolas bihurtu zen irratsaioa sortu zuen. Horretan jardun zuen hamabost urtez, 2008an erretiroa hartu zuen arte. Ordua, Hitza Jolas bihurtua zela jadanik, Xabier Sukia kazetariak hartu zuen oinordetza.
"[Hitza Jolas izango zena] hasi zenean, nire helburua zen erabateko tratamendu integrala egitea bertsolaritzari. Zer esan nahi dut horrekin? Alde batetik, ikuspegi historikoa lantzea; bestetik, egunerokotasun garaikideari garrantzia ematea; eta, azkenik, entzuleei partaidetza eskaintzea", adierazi zuen Aldaik bere azken elkarrizketan, zeinaren argitalpena aurreratu egin duen Bertsolari aldizkariak.
Euskadi Irratiko bertso bilduma dokumentala osatzen ere lan handia egin zuen. Irratian ez ezik, liburuetan eta testuetan ere landu zuen azkeneko hamarkadetako bertsolaritza. Baita lehenagokoa ere. «XVII., XVIII. eta XIX. mendeetako bertsolaritza ahal den neurrian bildu eta datatu dut», azaldu zion Berriari elkarrizketa batean, hil-oharrean jaso dutenez. Bertsolari aldizkariari esandakotik: "Nik, bertsolaritzan zentratzen hasi nintzenean, sekulako kasete piloarekin egin nuen topo; Patxi Mujikarenak edo Zaldubirenak, gehienak. Ehunka ziren. Batzuetan data, tokia eta bertsolarien izena jartzen zuen, baina beste batzuetan ez.(...) Dena entzun eta datu-base bat osatzen hasi nintzen, gauzak aurkitu nahiz emititzeko erraztasunak emango zituen sistema bat antolatu nahian. Eta digitala etorri zenean, dena digitalera pasatu nuen, sistema dezente hobetuz. Horrela, erretiratu nintzenerako, datu-baseak aukera ematen zuen bilaketa kronologikoki egiteko tokiaren arabera, bertsolariaren arabera, aurkezlearen arabera eta abar."
Erantzun
Sartu