Teknologia albisteak

Bertxio iruzkinduen aldeko jokaldi tenporala egin du Twitterrek

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-10-21 : 08:51

AEBetako hauteskunde kanpainarekin lotu duen erabaki batean, Twitterrek bertxioak eraldatu ditu gaurdanik egun batzuetarako, web interfazean bederen eta Sustatuko kontuan ikusi dugunez. Zeinuak eta ekintzak hor dirau interfazean, baina txio iruzkindua egiteko aukera agertuko zaizu. Ez baduzu ezer sartzen (irudian erakusten dugun moduan), bertxio normala izango da; zerbait idatziz gero, iruzkindua.

Twitterren asmoa omen da bertxio "pentsatu gabeak" edo spam erakoak gutxitzea, nonbait informazio toxikoaren zabalkundea geldiaraztea. Nonbait, une batez bertxio baten gainean zer iruzkindu pentsatu behar badugu, horrek arrazionaltasun eta zibismoa ekarriko du elkarrizketara. Hori Twitterren argudioa.

Era berean, beste batzuen txio-gomendioen kasuan, ez omen ditu erakutsiko ez badira zuk jada jarraitzen dituzun kontuenak.

Neurria tenporala omen da, azaroaren 5ean dira hauteskundeak AEBetan, eta aste horren amaierara arte luzatuko da.

Web interfazean gertatzen den gauza hau... ez dirudi mugikorreko Android aplikazioan errepikatu dutenik, Sustatuko kontuarekin eta aplikazio berrituarekin konprobatu dugunez.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu