Jose Ramon Etxebarriak irabazi du Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria 2020ko edizio honetan. Euskararen normalizaziorako zientzietako goi mailako hezkuntzan egindako ekarpena, euskal kulturarekiko konpromisoa eta bere obraren dibulgazioagatik, ondo merezia du saria Etxebarriak.
1948an Gernikan jaioa, Jose Ramon Etxebarriak Industria Ingeniaritza ikasi zuen Bilboko Ingeniaritza Goi Eskolan, eta 1987an EHUn doktoratu zen. 1973an Udako Euskal Unibertsitatearen sorkuntzan parte hartu zuen, eta bertako irakasle izan zen. EHUko Bilboko Unibertsitateko Zientzia Fakultatean eta Bilboko Ingeniaritza Goi Eskolan klaseak eman zituen, 2018an erretiroa hartu zuen arte.
Euskaltzain urgazlea da 2006tik, eta 2011n CAF-Elhuyar sarietan Merezimenduzko Saria jaso zuen, zientzia gizarteratzeko egindako lanagatik.
Erretiroa hartu zuenetik, wikilari gisa jardun du euskarazko Wikipedian, helburu zehatz batekin: Hezkuntza Atarian “kalitatezko 2000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat” izenburupean dagoen proiektua sendotzea. Zehazki, Fisikaren arloko artikuluak osatzen, ari da unibertsitatera bidean doazen ikasleei artikulu entziklopediko pedagogiko eta praktikoak eskaini nahian. 2020rako milioi erdi bat karaktere baino gehiago gehituta zituen arlo horretako artikuluetan (kontuan hartu ohiko eleberri batean 100.000 karaktere-edo egoten direla) eta 140tik gora irudi ere. Esaterako, artikulu hauek hobetu ditu eta horren ondorioz denek dituzte bere irudiak eta 20.000 karaktere baino gehiago: Azelerazio, Higidura zirkular, Indar, Indar zentrifugo, Masa, Presio, Presio atmosferiko, Tenperatura edota Zinematika.
Erantzun
Sartu