Teknologia albisteak

Euskara hutsezko murgiltzea abiatuko da Hiriburun, akordioa erdietsita

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-10-17 : 08:27

Euskal jendarte eta erakundeen mobilizazioak balio izan du. Hiriburuko (Lapurdi) Baste Quieta eskola publikoan euskara hutsezko esperimentazioa baimenduko dutela iragarri zuen Anne Bisagni-Faure Bordeleko Akademia errektoreak, uztailean abiatu zen krisiari bukaera emanez. Hiriburuk baimena izan ondoren, Larraineko (Zuberoa) eta Donapaleuko (Nafarroa Beherea) eskolak dira urratsa eman nahi luketen hurrengoak.

Hiriburuko esperimentazioa onartzeaz gain, Bordeleko errektoreak iragarri zuen etorkizuneko esperimentazioak ez dituztela errefusatuko; baina gauzapenaren baldintzak zehaztu nahi ditu Frantziako Hezkuntza Ministerioak. 

Udan atzera bota zuena Bordeletik zera izan zen: Baste-Quieta ama eskola publikoan murgiltze eredua abiatzeko proiektua baimenik gabe utzi zuen, eta hemendik goiti horrelako proiekturik ez duela gehiago onartuko iragarri ere bai. Alain Iriart Hiriburuko auzapezari bidalitako gutunean errektoreak azaldu zuen derrigorrezko irakaskuntza frantsesez egin behar dela, «Errepublikako hizkuntzan». Ondorioz, ez zuela gehiago onartuko «murgiltze ereduaren» esperimentaziorik.

2008an hasi ziren Ipar Euskal Herriko eskola publiko batzuetako sail elebidunean ama eskolako irakaskuntza euskara hutsean eskaintzen. Orain arte, 19 murgiltze esperientzia abiatu dira Ipar Euskal Herrian 12 urteotan, zeinetan haurrak denbora osoan euskaraz eskolatuak diren, eta euskalgintzak ontzat ematen duen bidea da hori. Hiriburuko esperientzia abiatu beharko da orain, eta badira zain diren beste batzuk, murgiltzean abiatu nahi dutenak: Larraineko (Zuberoa) eta Donapaleuko (Nafarroa Beherea) eskolak hain zuzen.

Euskararen Erakunde Publikoko ordezkari Antton Kurutxarrik adierazi du Frantziako Hezkuntzak EEPrekin batera programa bat egin beharko duela 2021erako, zeinetan landuak eta aztertuak izanen diren beste esperimentazio eskaera guztiak, azaldu zuen Kurutxarrik. «Pentsatzen dut hori dutela buru gibelean: zenbat, non, nola, zer baldintzatan, zer erritmotan egiten diren. Hori guzia eztabaidatzekoa da orain. Aski fite prozedura bat plantan eman behar dugu diren eskaerei erantzuna emateko», adierazi du Kurutxarrik.

Informazio gehiago Berrian.

Erantzun

Sartu