Atzo urteurren berezi bat izan zela gogoratu digu Argiak: Nguyen Van Dong izeneko budista vietnamdarrak bere burua bonzo erara erre zuen Biarritzen, 1972ko urriaren 14an. Hegoaldeko euskal errefuxiatuen aldeko protesta ekintza izan zen, eta hil egin zen erreta (oharra, irudia Saigongo bonzo batena da, ez Biarrizko gertakarikoa).
Frantziako gobernua euskal errefuxiatuei erbesteratzeko aginduak bidaltzen ari zen. Biarritzen bizi zen vietnamdar honek, hainbat egunkaritara idatzi zuen Jon goitizenarekin iragarriz Frantziako gobernuak euskal errefuxiatuak erbesteratuz gero, bere buruari bonzo erara su emango ziola. Eta halaxe egin zuen Biarrizko Javalquintoko lorategietan, udaletxearen aurrean. Gizon nagusia zen Nguyen, 72 urtekoa, aurretik beste suizidio saiakera batzuk egindakoa zen.
Nork bere buruari sua emanez suizidio protesta egitea, bonzo ekintza alegia, budismoan tradizio moduko bat izan duen ekintza izan da mendeetan. 1960ko hamarkadan, ordea, zentzu politiko argi bat hartu zuen batez ere Thích Quảng Đức monje budistak bere burua erre zuenean Saigongo bidegurutze ezagun batean. World Press Photo izan zen 1963 hartako irudia hura, baina goian jarri dugun ilustrazioa beste argazkilari batena da, Wikipediatik ekarria.
Harrezkero, protesta modu hau, Vietnamgo gerraren kontra bereziki baina baita beste motibo batzuengatik, ohikoa bihurtu zen 1960ko urteetan eta 1970ko hamarkadaren hasieran ere bai.
Estatu Batuetan, jatorri zuri europar kristauko aktibistek ere egin zuten era honetako protesta, hala nola Norman Morrisonek eta Roger Laportek, biek astebeteko tartean, 1965eko azaroan, batak Pentagonoaren aurrean Washington hiriburko aldirietan, besteak Nazio Batuen egoitzaren aurrean New York hirian.
Bi horiek eta Thích Quảng Đức agertzen dira bonzo politikoen ingelesezko Wikipediako zerrendan, baina ez Biarritzen hildako Nguyen Van Dong. Zerrenda badagoen beste bat, Joseba Elosegi militante abertzalea: ez zen hil, baina bere buruari sua emanda, Francisco Franco diktadorearengana salto egin zuen hura besarkatu eta sutan biak erretzeko asmoz. 1970eko irailaren 18an izan zen hura, Donostiako Atano III.a pilotalekuan, «Gora Euskadi askatuta» oihu eginez, diktadoreari Gernika suntsitu zuen sua sentiarazi nahi izan zion Elosegik. Franco zauririk gabe irten zen pilotalekutik, eta Elosegi 17 egun hilzorian egon ondoren sendatu egin zen, eta kartzelara bidali zuten.
Erantzun
Sartu