Teknologia albisteak

Sormen digitala eta ikus-entzunezko tekniken erabilpena euskaraz Nafarroako DBH ikastetxeetan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-10-08 : 11:42

Nafarroako D ereduko zazpi ikastetxetako ikasleek aldizkari digitala nola egin ikasiko dute ‘Sormen digitala’ irakasgaiaren jarduera osagarrien barruan. Zazpi ikastetxetako DBHko 2. eta 3. mailako ikasleek euskal kulturaren ezagutza landuko dute sormen artistikoaren bitartez. ZUT aldizkari digitaleko partaideek parte hartzen dute formakuntzan eta sorkuntza prozesuan.

 

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza departamentuaren EIBZk (Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa) prestatu du formakuntza plana, ZUT-ekin batera, ikus-entzunezko edukien kudeaketan zentratuz:

  • ikastaroan gazteei gidoiak nola egin;
  • plano orokorrak, amerikarrak eta plano motzak nola tartekatu;
  • leku argietan eta leku ilunetan nola grabatu;
  • grabazioetan soinua eta musika nola txertatu
  • mugikorrarekin grabatzeko programak nola erabili .

EIBZko irakasleek lau tailer diseinatu dituzte –Ezpainzapiak, Handia eta Maskarak, Frontoia eta Txalaparta-, proposamen sortzaileez betetako unitate didaktikoak. Unitate hauen bidez, sortze askea bultzatu nahi da: dantzaren, musikaren, antzerkiaren edota arte plastikoen bidez irudikatzea tailerretan ikusi eta ikasitakoak eragindako sentipen, gogoeta eta sentimenduak, eta irudikapen horiek bideoan bildu eta aldizkari digital batera igotzea gero. Ikasleek ZUT aldizkaria izango dute eredu eta proiektu horren sustatzaileak gidatuko dute ikastaroa.

Honako ikastetxeetan egingo da programa: Barañaingo Alaitz institutuan, Altsasuko eta Lekarazeko institutuetan, Iruñeko Jaso Ikastolan, eta Iruñeko Eunate, Iparralde eta Iturrama ikastetxetan. ZUT aplikazio gisa kontsumitzen den gazteentzako aldizkaria da. Hemen eskura daiteke:

Erantzun

Sartu