Teknologia albisteak

Ekimena martxan, euskara Twitcheko hizkuntzen artean egon dadin

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu.eus
2020-10-06 : 12:43

Twitch, zuzeneko emankizunak emititu ahal izateko streaming plataforma bat da, bideo-jokoei oso bideratuta dagoena eta arrakasta ikaragarria (egunero bi milioi ikusle baino gehiago) duena bideo-joko zaleengan. Youtuben gertatzen den antzera, jokalariek beren partidak emititzen dituzte, baina kasu honetan zuzenean. Oraingoz ez dago euskarazko emakizunak filtratzeko aukerarik, baina hori aldatu nahi da, eta ekimena jarri dute martxan.

Plataforma guztietan bezala, Twitchen tartean euskaldunak ere badaude nola ez, baina munduko streaming itsasoan galduta daudela esan genezake. Izan ere, Twitchen euskaraz erretrasmititu badezakezu ere, plataforma berak ez du emankizuna euskarazkoa dela etiketatzeko aukera ematen. Guztira 34 hizkuntza daude aukera hau dutenak (tartean katalana ere bai) baina gainerakoak "beste hizkuntza bat" zakuaren barnean etiketatuta geratzen dira. Horrela, ez dago euskarazko streamingak zeintzuk diren filtratzeko aukerarik, ezta zure hizkuntza hobespenetan euskara aukeratzerik ere, ondoren, Twitchen algoritmoak euskarazko bideoak iradoki ahal izateko, adibidez.

Hau dela eta eskakizun bat jarri da martxan euskara ere Twitcheko hizkuntza aukeren artean egon dadin. Nebukai gamer euskaldunak abiarazi du sare sozialetan proposamena, baina Game Erauntsia ere proposamena bideratzeko lanetan zebilenez, Nebukairen ekimena babesten amaitu du.



Eskaerak aurrera jarrai dezan, bozka eman beharra dago esteka honi jarraituta eta bozkatu ahal izateko Twitch plataforman erabiltzaile izatea beharrezkoa da. Bideoan azalpen gehiago:

Eskakizuna onartuz gero "euskarak Twitchen toki bat izan" eta modu horretara edukien euskal sortzaileak "bideojokozale euskaldun gehiagorengana iritsi" ahal izango direla uste du Nebukaik. Argi izan behar da hala ere, eskatzen dena ez dela Twitch plataforma bera euskaratzea, baizik eta plataforma horretako bideoak euskaraz etiketatu ahal izatea.

Eskaerak txikia ematen badu ere, aurrerapen itzela litzateke.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu