"Kazetaritza ez da delitu" auziko protagonistak, Argiako kazetari Lander Arbelaitzek, bere kontra egindako salaketak eragindako auziaren amaiera komentatu du Twitterren (ikus txio-haria, hemen bertan Sustatuko Saretik sekzioan jasotako harian). Hitzak jaso ditugu honako, interesa dutelakoan.
Hala dio Arbelaitzek:
"Amaitu da hizkuntza eskubideen urraketa baten berri emateagatik bi ertzainek nire eta Argiren aurka jarritako salaketaren bidea ere. Harian gogoeta batzuk partekatu nahi nituzke, baina ezer baino lehen, milesker babesa adierazi diguzuen guztioi.
Ederra panorama euskaldunona! Zenbat aldiz urratzen dizkiguten hizkuntza eskubideak egunerokoan, eta behin jarrera euskarafobo bat dokumentatzea lortuko dugunean, biktimarena nola egiten duten ikusi behar gainera, guri salaketa penala jarri eta espetxe zigorrak eskatuz...
Pertsona batek beste baten eskubideak nola urratzen dituen informatzea, ez da inoiz ere "iraina". Lotsagarria bai, baina iraina ez. Gaztelania jatorrean epaileak ere ebatzi du egun hartan jende askok egin genuen interpretazioa erabat zentzuduna dela.
Eskerrik asko epaiketa bertan behera eskatuz manifestua sinatu zenuten pertsona guztioi, lankide, senide, lagun, ofiziokideak, baita bi urte hauetan modu batera edo bestera elkartasuna adierazi diguzuen guztioi. Benetan, babestua sentitu naiz eta asko estimatzen dizuet.
Marka da kazetaritza egiteagatik epaitegian amaitzea, baina ez da sorpresa. Orain gutxi irakurri nuen kazetarien aurka salaketak izugarri hazten ari zirela, boteredunek kazetaria epaitegietan katramilatu eta nekatzeko.
Elkartasuna, horri aurre egiteko tresna indartsuenetakoa.
Telefono mugikorrekin zelatatzen gaituztelako kezkatzeko arrazoiak baditugu ere, beren lana inpunitatez egin izan dutenak ere ez daude lasai. Askotan gezurra esaten dutenez, garbi gera dadila: denok daukagu eskubidea kalean egiten diren operazioak grabatzeko.
Eta amaitzeko, hiru ondorio:
1- Animatu ARGIAren kazetaritza independentea babestera, zenbat eta gehiago izan, leku gehiagotara helduko gara: https://argia.eus/eginargiakoa
2- Lehen hitzetik harago, eutsi euskarari, edonon eta edonorekin.
3- Borrokatzeak beti merezi du.
Informatzen jarraituko dugu :-)"
Erantzun
Sartu