Teknologia albisteak

"Kazetaritza ez da delitua", hizkuntza eskubideen urraketez informatzea zilegi da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-10-06 : 18:32

"Kazetaritza ez da delitua" lemarekin egin behar izan duen borroka judiziala irabazi du Argia aldizkariak. Lander Arbelaitz kazetariari bi ertzainek salaketa jarri zioten euskararen kontrako aurriritziz egindako ekintza bat grabatu eta zabaldu zuelako. 2018tik garatu den kasuan, azkenean Gipuzkoako Auzitegiak erabaki du kasua artxibatzea, Argiari arrazoia emanez, eta baieztatuz gertatu zena.

"Hizkuntz eskubideen urraketez informatzea ez da delitua", dio erabakiari buruzkio Argiako informazioak. "Bide judiziala behin betiko itxita, informatzeko eskubidea gailendu da".

2018ko maiatzeko gertaera batean du jatorria auziak. Elkarretaratze bat izan zen Donostian, eta protestalarien eta ertzainen intzidente batean, gertaera zehatz hau gertatu zen. Protestalari bat euskaraz zuzendu zitzaion ertzain bati, eta honen erreakzioa izan zen identifikazio eskatzea. Lander Arbelaitzen bideoak zertifikatzen du gertatukoa:

Eta epaiak ere bai, azkenean. "Auzitegi honetara bidalitako datuen arabera, salaketa jarri duen agenteak kontzentrazioan parte hartzen ari zen pertsonetako bati identifikazioa eskatu zion, hain zuzen ere, pertsona honek euskaraz erantzun zionean. Egia da ezin dela ziurtasun osoarekin baieztatu agenteak pertsona hau identifikatu zuela euskaraz hitz egin ziolako, baina sekuentzia faktikoak egiaztatzen du euskaraz erantzutean eskatu ziola agenteak identifikazioa erakusteko."

Arbelaitz kazetaria bideoa zabaldu zuen, eta gertatukoa kontatu: euskaraz hitz egiteagatik jasan zuela identifikazioa pertsona batek.

Hori egin izana "iraina" zela salatu zuten bi ertzainek, eta orduan hasi zen epaitegietako kasua, azkenean informatzeko eskubidearen aldeko erabaki honekin argitu dena. 

Auzia atal honetan dokumentatu du Argiak azken hilabeteotan. Zorionak Argia, eta eskerrik asko Lander Arbelaitz.

 

Erantzun

Sartu