Atzo arratsaldez kooperatibako bazkideek egindako biltzarrean erabaki zen Plateruenak, Durangoko Kafe Antzokiak, jarduera etengo duela. Egoera ekonomikoak porrotera eraman du proiektua, hori da arrazoia.
Durangoko Berbaro euskara elkertearen eskutik sortu zen Plateruena 2004an, 900 bazkidez osatutako kooperatiba baten forman. Atzo egindako biltzarrean, Anboto agerkariaren arabera, honela azaldu zuen egoera zuzendaritzako kide batek: "Erabaki hau egoera ekonomikoak behartua izan da. Azken urteetan Plateruenak izan dituen zailtasunei COVID-19ak ostalaritzari eta kultur arloari eragin dizkien baldintzak gehitu zaizkie, eta horrek ezinezko egin du orain arteko kudeaketa ereduaren bideragarritasunari eustea eta eraikinaren ustiapen-epea luzatzeko aukera”.
Igor Elortza bertsolari eta kultura-eragile durangarrak Twitterreko bere isiltasun sabatikoa eten du zifra batzuk emateko hari batean. Horra:
Plateruenaren jardunak 754.000 euroko kostua izan du, batez beste, 16 urtetan.
2.139 kultur ekintza egin dira, guztira, Plateruenean: kontzertuak, herri-ospakizunak, hitzaldiak, errezitaldiak, bertso saioak, dantzaldiak, eta beste. 11.000 lagunen partaidetza zenbatu du Elortzak, publikoaz gain.
Durangoko Plateruena eraikitzeko eta azpiegiturak mantentzeko, 1.405.000 euro behar izan dira, guztira.
Kooperatiba deseginda eta eraikinaren ustiapena etenda, Durangoko Udalaren esku geratuko dira, bai azpiegiturak bai etorkizuneko erabilera. Igor Elortzaren iritziz, "Durango duela hogei urte baino hobeto dago gaur euskal kultura bultzatuko duen proiektu berri bati ekiteko. Azpiegituragatik, esperientziagatik eta kulturgileen arteko sareagatik. Hori bai ezin dugula desegiten utzi."
Argazkia, Anbototik, atzoko biltzarrekoa da.
Erantzun
Sartu