Teknologia albisteak

Osatu zure hiria Wikipedian, eta turistak etorriko dira

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-09-22 : 08:51

Iazkoa da azterketa argitaratua, baina oraintsu jakin dugu. Eta ez dakigu turismoak neurri handi batean huts egin duen urte honetan, hurrengorako turismo gehiago edo gutxiago eskatzea tokatzen den, baina datuak datu, horra ikertzaile batuek topatu dutena: Wikipedian hiri bateko informazioa osatzeak (testuz eta irudiz, atzerriko hizkuntzetan), hotel egonaldiak nabarmen igotzen ditu.

Hauxe da azterketa: Wikipedia Matters. Autoreak unibertsitate desberdinetan ari dira: Marit Hinnosaar (Torino), Toomas Hinnosaar (Nottingham), Michael E. Kummer (East Anglia, Norwichm Ingalaterra), Olga Slivko (Leibniz Centre for European Economic Research, Alemania).

Espainiako hainbat hiritako Wikipediako orriak luzatu zituzten, gaztelaniazko bi parrafo hizkuntza desberdinetara itzuliz, eta argazkiak gehituz. Gehitutako tesu aukeratuak interes turistikoari lotuak zeuden: ikusteko atrakazio nagusiak eta kultura. Aukeratutako hizkuntzak hauek izan ziren: alemana, frantsesa, italiera eta neerlandera. Gehitutako informazioa balekoa eta egiazkoa zela ziurtatu zuten, ez baitzen kontua Wikipedia faltsutzea: gaztelaniazko orrien edukira hurbildu ziren nolabait bertsio linguistikoak.

Arrazoi estatistikoengatik, 135 hiritako zerrenda batean, 60 aukeratu zituzten, eta horietako bakoitzean bi hizkuntzatan luzatu ziren artikuluak. Beraz, ukitu gabeko hiriak erdiak baino gehixeago izan ziren: kontrol taldea izan ziren horiek.

2014ko udaberrian egin zituzten gehikuntzak, eta zaindu gero testu gehituak geratu egiten zirela bertsio errebisioekin. Urterik urteko analisi bat egin zuren ondoren, 2017an Eurostat erakundeko Turismo datuak ikusirik. 

Ondorioztatu zuten 2.000 karektere eta argazki bat gehitzea, bat zetozela hiriko hotel egonaldiaren hazkunde batekin, %9 arte, gehikuntzarik gabeko kontrol taldearekin alderatuta. Urteko 190.000 euroko gastu gehigarria eragin zuten zientzialiek hiri bakoitzean, beraien esperimentu soilarekin.

Irudian, Donostiako neerlanderazko orria. Egindako ariketan, ez dirudi orri hau izan zenik neerlanderaz luzatu zenetako bat. Testu eta irudi nahiko lehorrak ditu, eta apenas informaziorik kulturaz, ikusteko gauzez, edo iruditegirik ere ez, badiako panoramika bat kenduta.

Erantzun

Sartu