Aste honetan Donostian izandako «Euskarazko komunikazioa 2020ko hamarkadan» jardunaldian, EHUko irakasle Josu Amezagak egindako aurkezpenaren laburpena dakarkigu hona. Euskarazko Hedabideen Behategiak txioen bidez egin zuen laburpena, eta guk testu eta irudien batuketa egin dugu. ""Komunikazioa euskaraz lau hamarkada eta gero: irakurketa kritikoa", halaxe izan zuen izenburua Amezagaren aurkezpenak.
Amezagak lau hamarkadetako jauziak nabarmendu ditu. Hedabide sorreran hazkunde handia izan da 40 urtean, koantitatiboki zenbatutako medioetan, eta kontsumitzeko orduan ere. Kontsumoaldien bilakaerak gorakada nabarmena erakusten du, grafiko honetan ikusten den moduan.
Aldaketa demolinguistikoen bilakaerak asko aldatu du erabiltzaileen profila. Eta euskal profesionalen gehikuntza ere nabarmena izan da: urtero 200 graduatu ateratzen dira euskaraz, esaterako, EHUtik.
Lau hamarkada hauetan asko irabazi da, baina zailtasunak eta izandako oztopoak asko eta mingarriak izan dira; tartean, komunikabideen itxierak (Egunkariaren itxiera gogoan, noski). Helburu politikoak helburu kulturalen gainetik jartzeak ere galgatu du euskarazko komunikazioa, EITBren kasuan beti ETB2 gaztelaniazkoa indartzea izan daiteke horren isla, horrek audientzietan duen eraginarekin:
Euskaraz gero eta gehiago kontsumitzen da, baina euskaraz kontsumitzen duen euskaldun kopurua ez da proportzio berean hazten. Eta kontsumoa bera asko desbideratu da: 1984an euskal herritarrek hiru ordu pasatzen zituzten telebista ikusten, hortik ordubete euskaraz; gaur egunean 4 minutu: anekdotiko bihurtzen ari da euskarazko telebista?
Euskaldunzaharren erdiak kontsumitzen du egunero euskarazko komunikabideren bat, euskaldunberrien laurdenak baino ez. Bestetik, agente berriak erakarri beharko dira euskarara: noizko politika bat medio elebidunak euskarara gehiago erakartzeko?
Orain arteko sozializazio agenteak familia, eskola eta lagunartea ziren; orain laugarren bat sartu da: komunikazio plataformak > transmisio eta kultur krisi handi bat dakar honek.
Autokritikaren bidetik bi ideia: Administrazioaren aldetik ez da komunikazio plangintzarik egin, eta Euskal Herriko unibertsitateen elkarlana ere urria izan da. Eta halako eskema bat aurkeztuz hurrengo urteetarako bide-orri edo ekintza plana zirriborratu zuen Josu Amezagak:
Amezagaren iritziz, azken batean, "pentsamendu estrategiko global bat lantzeko unea da". Egingarria eta desiragarria da komunikazio politika bat adostu eta garatzea herri honentzat eta euskararentzat
Erantzun
Sartu