Joan den astean komentatu genuen nola Kontseiluak euskara ikastetxeetan indartzeko neurriak eskatu zituela. Pandemiaren garaian hizkuntzaren gaia alboratua geratzeko arriskuan delarik, euskara erdigunera ekarri behar dufula oroitarazi du behin baino gehiagotan Kontseiluak. Alde horretatik, interesgarria iruditu zaigu udan landu zuten Geroa Euskaratik estrategiaren puntuak hona ekartzea.
Dokumentu osoa hemen aurki dezakezue, baina ekintza-plan bezala alorrez alor aurkezten diren puntu nagusiak ekarri ditugu hona:
HEDABIDEAK
Erakundeen eta enpresa publikoen publizitate kanpainak areagotzea, publizitate instituzionala euskarazko hedabideetan ere eskainiz. Halaber, publizitate pribatuaren erorketa arintzen laguntzeko neurriak abian jartzea.
Euskarazko ikus-entzunezko edukien sorrera nabarmenki areagotzeko eta ETB1 kalitatezko edukiz hornitzeko, haur eta gazteentzako edukiak, informazioa, fikzioa eta entretenimenduzko edukiak sortzeko inbertsioa handitzea.
INGURUNE DIGITALA
Krisi honek agerian jarri duen behar teknologikoetatik abiatuz, burujabetza teknologikoan sakontzea, euskarak behar dituen teknologiak garatzeko proiektu edo programa berriak abian jarriz. Halaber, ingurune digitala euskarazko edukiz osatzea, eskaintza etengabe biderkatzeko baliabideak jarriz.
HELDUEN EUSKALDUNTZEA
Helduen euskalduntzearen doakotasuna ahalbidetzeko prozesua azkartzea, ikasleek matrikula gastuak aurreratu behar ez izatea lehenetsiz eta ikasgeletan egoera berrira egokitzeko ikasleen ratioak egokitu.
EUSKAL KULTUR SISTEMA
Euskarazko sortzaileen lana errekonozitzeko eta babesteko araudia lantzen hastea.
Euskarazko kuotak ezartzea eta nabarmenki handitzea instituzioek antolatutako edo haiek diruz lagundutako kultur programazioetan, euskaraz sortutako kultur adierazpideak bermatzeko.
Euskarazko literatura argitalpenetarako eta ikas materialgintza sortzeko laguntza funtsak handitzea eta euskarazko sorkuntza erosi eta kontsumitzeko bonu bereziak sortzea.
LAN MUNDUA
Ekonomia berraktibatzera bideratutako programa eta laguntza deialdi guztietan, bai eta administrazioak aurrerantzean publiko egiten dituen kontratu edota lizitazio guztietan ere, hizkuntzaeskubideak bermatzera bideratutako klausula sozialak ezartzea eta betearaztea.
Gaur egun, euskara ziurtagirien bidez edota euskara planen bidez, euren lan-jarduna euskalduntzeko prozesu egituratuak martxan dituzten enpresei begira, egoera honek atzerapausoak eragin ez diezazkien, galera arriskuak dituztenen kasuan, prozesu horiei eutsi ahal izateko laguntza lerro berezia sortzea.
SUSTAPENA
Ekonomia berraktibatzera bideratutako programa eta laguntza deialdi guztietan onura publikotzat jotako jarduera guztiak, besteak beste euskararen normalizaziora bideratutakoak, lehentasuna izatea laguntzak jasotzeko garaian.
HEZKUNTZA EZ FORMALA
Ume eta gazteen euskara gaitasunak aurrera egin dezan, aurrerantzean administrazioek haur, nerabe eta gazteentzat antolatzen dituzten eskola orduz kanpoko jarduera guztiak euskaraz eskaintzea eta administrazioaren laguntzak jasotzen dituzten hezkuntza ez formaleko ekimen guztietan (kirola, aisia, kultura…) hizkuntza-irizpideak ezartzea; euskarazko eskaintza lehenetsiz.
Irudia ekaineko agerraldi publiko batekoa da, zeinean Kontseiluak Geroa Euskaratik estrategia aurkeztu zuen.
Erantzun
Sartu