Osakoko Unibertsitateko (Japonia) ikerlari talde batek Affetto robota aurkeztu berri du. Bere larruazal sintetikoak sentsore taktilak ditu eta robota ukitzen denean erreakzionatu egiten du. Nolabait esateko, robotak sentitu egiten du eta, ikerlarien arabera, mina sentitzeko eta adierazteko bidean daude. Ukimen kinadei erantzunez aurpegiko keinuak aldatuko dituzten robotak enpatikoak izan daitezke gizakiontzat eta, besteak beste, pertsona nagusiak zaintzeko egokiagoak.
Minoru Asada da ikerlari talde honetako burua eta duela gutxi aurkeztu dute Affetto robotaren azkenengo bertsioa. Oraingoz ukipen-kinadei erantzuteko gaitasuna erakutsi du robotak eta, etorkizunean, mina sentitzeko eta adierazteko gaitasuna garatu nahi dute ikerlariek. Min fisikoa, lehenbizi, baina baita enpatia eta gizakion sentimenduak ulertu eta adierazteko gaitasuna ere.
Roboten sentitzeko gaitasun hori oraindik oso urrun dago, jakina, baina robotak ukipen-kinadei erantzutea dagoeneko urrats garrantzitsua da. Hori egiten du Affettok. Larruazalean dituen sentsoreei esker, igarri egiten du noiz ukitzen dugun eta nola ukitzen dugun eta, horren arabera, bere aurpegiaren keinuak aldatuz adierazten ditu nolabaiteko emozioak eta mina. "Minaren nerbio-sistema artifiziala" garatu dutela adierazi du Asadak. Azken batean kanpo kinadak aurpegiaren keinu emozional bihurtzeko gaitasuna dauka robotak.
Affetto robotaren lehenengo bertsioa 2018an garatu zuten eta ume aurpegia dauka. Jasotzen dituen kinaden arabera, barre egiten du, edo bekozkoa zimurtzen, edo hainbat keinu egiten. Robotaren aurpegiak 116 puntu mekanizatu ditu keinu horiek guztiak egin ahal izateko.
Garatzaileen ustez, gaur egungo robotikan dagoen erronkarik handiena da emozioak adieraztea. Gizakion emozioak ulertzea zein adieraztea; azken batean, enpatia transmititzea. Ezaugarri hori bereziki garrantzitsua izan daiteke bakarrik bizi diren nagusiak zaintzeko, ezinbestekoa baita robot zaintzaile horiek laguntza fisikoa zein emozionala eman ahal izatea.
Erantzun
Sartu