Aldaketa klimatikoaren eragina gero eta nabarmenagoa da gure planetako edozein txokotan: glaziarrak urtzen, Tundrako permafrosta desagertzen, sekula neurtu ez diren tenperatura altuak hainbat herrialdetan... Krisialdi klimatiko hori gehien eta lehenen nabarituko dutenak, seguru asko, Artikoko izotzetan bizi diren animaliak izango dira eta, horien artean, hartz zuria. Zientzilariek uste dute mende honetan bertan desagertuko direla, ugaztun izugarri hauek bizi diren izotz geruzak abiada bizian ari baitira urtzen.
Hartz polar edo zuria (Ursus maritimus edo Thalarctos maritimus) Ozeano Artikoan bizi den hartz espezie ezaguna da. Munduko harraparirik handiena da (arrek 300-600 Kg-ko pisua hartu dezakete) eta itsas txakurrak janez elikatzen dira Artikoko izotzetan.
Munduko harraparirik handiena izatea, hala ere, ez dirudi nahikoa izango denik ugaztu eder hau salbatzeko. Adituen azken ikerketen arabera, eta ikusita une honetan Artikoko izotzak nolako abiaduran ari diren urtzen, oso posiblea da 2100. urte aurretik espezie hau desagertzea. Une honetan 30.000 ale besterik ez dira bizi Artikoan, espezie mehatxatuen zerrendan dago eta, aldaketa klimatikoa geratzen ez badugu, mende honetan bertan desagertuko da betirako.
Izan ere, hartz zuriak itsasoan bizi dira. Ozeano Artikoan sortzen diren izotz geruzen gainean, alegia. Bertan aurkitzen dituzte euren elikagai nagusi diren itsas txakurrak. Artikoko izotza abiada bizian ari da desagertzen azken hamarkadetan (urtero %13 inguru 1970az geroztik) eta hartz zuriak elikatzeko ingururik gabe ari dira geratzen.
Horren ondorioz, hartz zuriak gero eta argalagoak dira, gero eta kume gutxiago dituzte eta bizi irauteko zailtasun nabarmenagoak dituzte. Zientzilarien arabera, populazio batzuk dagoeneko desagertzeko zorian daude, eta datozen urteotan arazo hori populazio guztietara helduko omen da. Beste edozein animaliak baino hobeto erakusten digu hartz zuriak aldaketa klimatikoaren eragin hilgarria.
Erantzun
Sartu