Teknologia albisteak

Axtrokiko urrezko katiluak eta beraien kideko europarrak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-08-17 : 09:10

Gaurko egunez, abuztuaren 17an, 1972. urtean, gertatu zen zori hutsez Euskal Herriko aurkikuntza arkeologiko nabarmen eta bitxienetakoa. Lubizi bat izan zen Eskoriatza, Bolibar eta Eraña baserri-auzoen artean, eta Axtrokiko haitzaren ondoan, lokaztuta hondarren artean, urrezko bi katilu aurkitu zituzten langileek, Axtrokiko Ontziak.

Aztarnategi bat baino gehiago, apropos bertan ezkutatu edo erritualki lurperatutako kasu bat dela dirudi. Urrezko eta zilarrezko pieza ezkutuen aurkikuntzak ez dira arraroak Europako arkeologian. Baina Axtrokikoek lotura zuzen berezi bat adierazten dute Mendebaldeko Europan zehar sakabanatutako beste objektu batzuekin. Garai bertsuan eginak guztiak, K.A.ko 1000. urtean edo, beraien antzekotasuna ikaragarrizkoa da. Kultura, erritual, teknika eta akaso "moda" bat bera partekatzen dute Alemaniatik Galiziara, Irlandatik eta Euskal Herritik igarota, aurkitu izan diren objektu hauek.

Forma eta dekorazioan, Axtrokikoek bi ontziek (edo buruko kaskoek, auskalo) Alemanian aurkitutako Eberswaldeko ontziekin, Frisiako Terheidekoekin, eta Galiziako hondartza batean azaldutako Leiroko kaskoarekin.

Urrunagoko konexioak agertu dira (batez ere alde teknikoan, ez apaindura edo funtzioan) Villenako altxorrarekin (Mediterranio iberiarra) eta Altstettengo ontziarekin (Suitza).

Itxura aldetik desberdinak diren beste lau objektu hauekin ere badago konexio bat:

Kono edo kapelu erritual hauek forma aldetik ezin bitxiagoak dira, inolaz ere ez Axtrokikoak bezalakoak, baina beraien apainduran, konexio argi bat dago, batez ere eguzki-eraztunetan eta kasu batzuetan ilargi forma posibleetan:

Kono-kapelu hauek agertu dira Alemanian (3 ale: Berlin, Etzelsdorf-Buch eta Schifferstadt), eta Poitiers ondoan Frantzian (Avanton), eta egutegi sistemekin lotu izan dituzte interpretazio batzuetan.

Axtrokiko ontziak gaur egunean Madrilen daude, Espainiako Arkeologia Museo Nazionalean. Zergatik han, non eta Villenakoak (1963an aurkituak) Villenan bertan dauden, eta Leiroko Kaskoa (1976an aurkitua) Galiziako museo batean dagoen? Ba auskalo. Aurkikuntzaren unean, Eskoriatza eta ingurukoak zintzo ibili ziren: Teodoro Martinez Ansorena izeneko langile batek aurkitu zituen, langile taldeak Bolibarko apaizari eman zizkion (Cruz Abarrategi), apaizak Ignacio Barandiaran arkeologoari pasatu, eta honek Donostiako San Telmo museoan utzi zituen depositoan. Baina deposito horretatik, nolabait, Madrilera joan ziren. Eskoriatzako udalak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion 2016an, piezak eskatzeko Madrili eta Euskal Herrira ekartzeko.

Hortaz, oraingoz ontziok Madrilen daude, baina kopiak ikus daitezke bai San Telmon bertan eta baita Eskoriatzako Ibarraundi museoan.

Erantzun

Sartu