Teknologia albisteak

Streaming plataforma bat gutxiago: Sky

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu.eus
2020-07-30 : 11:44

Sky telebista plataforma britainiarrak Espainiako streaming zerbitzua etengo du datorren irailaren 1ean. Abuztuko azken hilabetea doan emango die ikusleei. Dagoeneko streaming plataformen merkatua bete samarra dagoelako seinale argi bat da hau. Izan ere, eskura dauden aukera nagusietara apuntatzen bazara, modako edo puntako film edo telesailak ikusteko, hilean 100 euro inguru inbertitu beharra dago ia (Netflix, HBO, Amazon Prime Video, Disney+, Apple TV Plus...)

Sky arrakastako zerbitzua da Erresuma Batuan, baina bere streaming plataforman ez da egon berebiziko eduki propiorik, eta egon direnean, beste kate batzuetan ere ikusi izan dira ekoizpen akordioen ondorioz. Europan, Espainia izan zen streaming zerbitzurako aukeratutako herrialdeetako bat, 2017an, eta ez du arrakastarik izan hileko 7 euroko harpidetzarekin. Ipar Euskal Herrian ez da kontratatzerik izan, Frantzian saiatu ere ez direlako egin.

Sky zerbitzua berezia zen, ez streaming aukera hutsezkoa hala nola Netflix edo Prime Video, baina gehiago "kanal multzo bat gehi streaming aukera batzuk". Zerbitzu misto horretan lehia are gogorragoa egiten du Movistarrek Espainian, eta zenbait kanalek Frantzian. Euskaltel bezalako konpainia batek ere bere kanal paketea dauka. Eta kanal aukera batetik bestera, hainbeste desberdintasun ere ez dago: SyFy zientzia fikziokoa adibidez, plataforma askotan aurki daiteke. Skyn egon da, baina beste toki batzuetan ere bai.

Streaming hutseko aukeretan, multzora gehitu diren azkenak Apple TV+ eta Disney+ dira. Zerbitzu hauetan, eta aurretik ezarritako Netflix, Amazon Prime eta HBOn, ekoizpen propioak garrantzi handia du, eta horretan ere atzetik zihoan Sky. Ez bakarrik telesail interesgarriak, filmak ekoizten ere ari dira. 2020ko film estreinaldi interesgarrienetako bat, Greyhound film belikoa (Tom Hanks protagonista), Apple TV+eko ekoizpena da, eta bertan bakarrik ikus daiteke (ez bada saretik jaisten duzula BitTorrent bidez edo).

Streaming plataformen ingurunea, Euskal Herrian, are konplikatuagoa da estatu-zatiketagatik. HBO streaming zerbitzu bat da Hegoaldean, baina ez dago Iparraldean. Ze aukera dauden, eta bakoitzean zer ikus daitekeen jakiteko, zerbitzu on bat JustWatch da.

Irudietan ikusten dena, URL-etan, kanal aukera nagusiak Frantziako merkatuan (goian) eta Espainiakoan.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu