Teknologia albisteak

QAnon konspiranoia eroa isilarazi nahi du Twitterrek

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-08-15 : 10:27

Duela aste batzuk Boogaloo mugimenduaz jardun genuen Sustatun, Estatu Batuetako eskuin-muturrearen azken transformazio kulturaletako bat. Gaur nebulosa horretako beste bat dugu aipagai: QAnon mugimendua. Berriki Twitterrek inoiz zaintza politikoan egin duen urratsik gogorrena iragarri zuen QAnon-en kontra: milaka kontu desaktibatu, partekatzen diren URL-etan QAnoni lotuak blokeatu, traoletan QAnon lotutako aipuak zaindu eta ezabatu. Baina zer demontre da QAnon? Jarraian nolabait deskribatzen saiatuko gara.

Boogaloo mugimenduak bezala QAnon delakoak Interneteko foroetako meme eta ezbaida anonimoetan du jatorria. 2017ko mezu batzuetan du jatorria gaiak, 4Chan foroan Q sinatzen zuen anonimo baten jarioan (Q + anonimoa = QAnon; ingelesez irakurtzen Kiu-anon).

Funtsean, Trump-en aldeko eskuin muturreko narratiba bat dirudi QAnon delakoaren konspiranoioak: Estatu "sakonaren" maniobra batzuk daude Trump-en kontra (bera boterea eta estatua ez balitz bezala), eta hor nahasten dira ohiko susmagarri batzuk, hala nola George Soros edo Hillary Clinton.

Gertatzen dena da, QAnon-ekin lotutako teoria batzuek bereziki dirudirela eroak. Esate baterako:

  • Pizzagateeskandalua. Clintonen aldeko buruzagi demokrata batzuk pedofilia sare bat antolatua omen zeukaten, Washingtoneko Pizzeria baten inguruan.
  • Hollywood izar ugari eta Establishment liberaleko beste asko Satanen jarraitzaileak dira eta haurren sakrifizioan inplikaturikoak daude.
  • John F. Kennedy presidentea ez zuten hil: bizirik dago, eta, horra sorpresa, izatez "onen" alde ari da, hau da, Trump-en aldekoa da orain.
  • Plan bat dago milaka estatubatuar atxilotu eta denak Guantanamora preso eramateko. Covid-19aren gaixotasun faltsua aitzakia gisa erabiliko dute horretarako.

Azken puntu hau, eta Sorosen inplikazioa, lotu da azken aldian 5G eta Koronabirusaren paranoiarekin: badakizue, bakuna asmatuko du Bill Gates-ek eta nanobot batzuk ezarriko dizkigute 5G sareen bidez gu fisikoki eta mentalki kontrolatzeko. Honetaz Plandemic dokumentalaren artikuluan jardun genuen, zeinean Iruñea ere azaltzen zen... Hemen analisi bat nola lotu diren Koronabirusaren paranoiak eta QAnon konspirazioarenak.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu