Teknologia albisteak

AEDE kanonaren sei urteak beteta, ez du balio izan ezertarako ere

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-07-22 : 16:40

Gaur beteko dira sei urte AEDE Kanona ezarri zela Espainian.  Jabetza Intelektualaren Legea erreformatzeko egitasmoa onartzearen ondorioetako bat izan zen, Google Tasa izenarekin ere ezaguna. Balantzea, zerbitzu batzuk ixteko balio izan zuela (itxira jarraitzen dute, eta ordezko agregatzailerik ez du inork sortzen Espainiako Estatuan), eta bere ustezko gaitasun errekaudatzailea hutsala eta erridikulua izan dela.

AEDE elkarteak adierazi zuen espero zuela urtero 80 milioi euro jasotzea tasaren bidez. Bada, argitaratu den analisi baten arabera, urtean 10.000 inguru izan da jasotakoa. 60.000 euro 6 urtean, horrek ez du beteko ezta politikariekin eta txostengintzan gastatuko zutena legea bultzatzen 2014an.

Nonbait, CEDRO izeneko erakundea (idatzitako testuen eskubideen kudeatzailea Espainian) saiatzen da kuotak errekaudatzen, baina bakarrik lortu zuen akordioa Upday izeneko agregatzaile batekin, eta huraxe izan da pagatzaile bakarra. Beste inork ez omen du ezer ordaindu. CEDROk asmoa zuen Meneame zerbitzuak 2.5 milioi inguru ordaintzeko urtean, baina kobraketarik ez du batere egin Meneamek, eta legearen aldetik ez dute behartu oraindik halakorik egitera.

Kanon hura ezartzearen ondorioz, Google News-en Espainiako zerbitzua itxi zen. Ondorioa izan omen zen, 2017ko azterketa baten arabera, bilatzailetik albistegi nagusietara zihoazen klikak jaistea. Googlek albiste iturri espainolei sortzen zizkien bisiten %11 jaitsi zen Google News itxita: atal horrek ikusgarritasun handia zuen emaitzetan, eta hedabide estekak eskaintzen zituen. Orain, hedabide estekak beste era batzuetakoekin nahastuta ageri dira, eta albiste-albiste izan daitezkeen informazioak beste toki batzuetarako kliketan gauzatzen dira praktikan.

Sustatu egiten duen enpresak, CodeSyntax-ek, sortutako Niagarank agregatzailea ere, itxi egin zen duela 6 urte. Euskarazko beste agregatzaile bat, Sustatuk Saretik biltzen dituen euskarazko albisteena, Twitterren oinarritua, irekita utzi dugu, radarraren azpitik pasatuko zelakoan... eta hortxe jarraitzen du, nahiz eta doiketa batzuk egin zitzaizkion, eta aspalditik ez den bere edukirik albistegi honetako azala osatzeko erabiltzen.

Irudian, kanon edo tasa hau onartu zenean Espainiako Gobernuko presidente eta presidenteorde zirenak, Mariano Rajoy eta Soraya Saenz de Santamaria.

Erantzun

Sartu