Euskal Idazleen Elkarteak, Euskal Editoreen Elkarteak, Nafarroako Editargi editoreen elkarteak, EIZIE itzultzaileenak etaGaltzagorri elkarteak, denek elkarrekin elkarlana abiatu dute euskal liburuaren sektorea ataka larrian dagoela salatzeko, eta instituzioekin akordio iraunkorrak esijitzeko. Liburuaren sektoreak, "biziko bada, aitortza, inbertsioak, sustapen kanpainak, konpentsazio-neurriak eta aldaketa estrukturalak behar ditu", adierazi zuten atzo agerraldi batean Donostian. Elkarte hauen iritziz, jadanik larria zen egoera lehertu egin du Koronabirusaren pandemiak, eta euskararentzako eta herri honen kulturarentzako funtsezkoa den oinarri bat heriotzatik gertu ikusten dute.
Bi mailatan eskatu dituzte sektorea bezpizteko neurriak, batetik sortzaileentzat (idazle, itzultzaile, ilustratzaile, kontalari...), eta bestetik liburuaren katea osatzen duten enpresa eta autonomoentzat (argitaletxeak, liburu-dendak, banatzaileak).
Sortzaileentzat:
- Sortzaileei krisiak eragin dien %100 ordaintzea.
- Sortzaileentzako beka gehiago ematea.
- Sortzaileei estatus berezi bat aitortzea, liburuen inguruko edozein jardun (izan irakurle kluba, eskoletako saioa, hitzaldia edo dena delakoa) odisea burokratiko eta gogaikarria bihur ez dadin.
- Sortzaileei abantaila fiskalak eta bestelakoak ematea, beren jarduna herri baten identitatean eta garapenean ezinbestekoa izanagatik ere, defizitarioa delako ekonomia molde honetan.
- Hezkuntzak eta Kulturak orain arte eraman dituenp rograma literarioak ez etetea. Liburuak ardatz hartuta, idazleak eta sortzaileak eskoletara eramaten jarraitzea, eta ezinezko diren kasuetarako baliabide alternatiboak bilatzea (telematikoak eta abar).
- Liburutegi, mediateka, kultur etxe eta elkarteen ekimenez antolatzen diren jardun literario, irakurle klub eta tailerrak eten ez daitezen eta besterik ez bada telematikoki egin daitezen, diruz laguntzea eta sustatzea.
- Jarduna ez eteteko baliabideak eskura jartzea eta diru-laguntzak ematea. Atzean gelditu edo egin ezingo direnen kasuan, sortzaileari nahiz antolaketa lanetan aritu denari konpentsazio bat ematea.
Liburugintzako enpresa eta autonomoentzat:
- Kreditu-lerroak irekitzea, instituzioek abalatuta.
- Liburua “lehentasunezko” produktu bezala legez onartzea.
- Liburuari zergak murriztea.
- % 25eko igoera literatura-argitalpenetarako laguntzetan.
- Hezkuntza-liburuak sortzeko laguntzen funtsak handitzea.
- Liburu-bono kanpainak bultzatzea urteko sasoi desberdinetan eta proiektu berrietan, udaberrian, udazkenean eta eguberrietan, liburu-denden jarduna piztu dadin.
- Liburutegi publikoetarako (fisikoak nahiz birtualak) paperezko liburuen eta liburu digitalen erosketak arintzea eta kopuruz handitzea, erosketa horiek inguruko liburu-dendetan egitea.
- Eskola-liburutegietarako erosketa-plan bat bultzatzea, erosketa horiek ikastetxeen inguruko liburu-dendetan egin daitezen.
- Laguntza publikoak justifikatzeko luzamendua. Justifikazioa gastatutakoaren araberakoa izatea.
- Familiak behar dituzten liburuak erosteko laguntza, “liburu-txeke” baten bitartez laguntzea eta inguruko liburu-denden bitartez.-Familiei zergak arintzea, testuliburuak erosteagatik.
- Irakurketa bultzatzeko eta sektoreari prestigioa emateko sustapen, promozio eta publizitate-kanpainak egitea.
Agerraldia Jitsi plataformaren bidez antolatu etaYoutuben grabatu zuten.
Erantzun
Sartu