Teknologia albisteak

Neowise kometa ikusteko aukera, zazpi idi-ohoinen ondotik pasatzen

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-07-16 : 12:02

Datozen egunetan, Neowise kometa Euskal Herritik ikusteko aukera optimoak egongo dira, zeruan lainorik ez bada. Ilundu eta ordubetera, 22.30ak eta 23.00ak artean, ipar-mendebalderantz begiratuta eta ortzemugan behe samarrean oraingoz baina goratuz pixkanaka, Leo eta Ursa Major konstelazioen artean, bereziki "lapiko" itxura duen asterismo ezagunaren ondoan: euskarazko tradizioan bereziki gurdiekin, idiekin eta idi-lapurrekin (idi-ohoin edo itohoinak) lotu diren zazpi izarreko egiturarekin .

Neowise kometa aurkikuntza berria da, martxoaren 27an topatu zuten astronomo batzuek teleskopioz. Orbita luzeko kometa delako ez zen ezagutzen, eguzkirako hurbiltze honen ondoren, ez da itzuliko hurrengo 5.000 urtean (gutxi gora-behera), baina hurbilpenaren ezaugarriengatik, begi hutsez ikusteko aukera dago uztail honetan.

Izatez, Halley kometa ezagunak egin zuen azken hurbilpenean (1986an) izandako ikusgarritasuna baino nabarmenagoa da Neowise honena, itxura guztien arabera. Halley ez dator berriro 2061. urtera arte, eta beste kometa ezagunen hurbilpenei dagokienez, agian bizitzan aukera bakarra izan daiteke askorentzat kometa bat begi hutsez ikusteko.

Goian itsatsi dugun irudian (hemen tamaina handian) ortzetik zein posiziotan pasatuko den kometa gaur gauean eta datozen egunetan. Ikusteko aukerak hilaren amaierara arte luzatuko dira, esaten digutenez. Irudia moldatu dugu Madrilgo behatoki astronomiko batek prestatu duen beste honetatik. Eskemaren zuzentasuna frogatu zuten Euskal Herritik gertu, Logroñon, astelehenean egindako behaketa honetan:

Kometaren argia eta isatsa kokatzeko, Ursa Major edo Hartz Handiaren egitura ezagunean fijatu behar gara, zartagin edo gurdiaren asterismoan, zazpi izarreko forma honetan:

Karro edo gurdi baten formarekin lotu izan da egitura hau euskal tradizioan; eta bereziki, badirudi gurdiaren zazpi izarrak zazpi itohoin edo idi-ohoin (idi lapurrak) izan direla tradizio batzuetan. 

Jean Baptiste Darrikarrere idazleak utzi zuen lan bat konstelazioari buruz, 1912an idatzia: "Zazpi-izaŕak, zazpi-auntzak, idi-ohoinak, ithohoinak edo idi-uhuiñak deitzen diren izar andana hartazko eresietarik batzu". Hemendik jaitsi daiteke, Eusko Ikaskuntzaren webgunean izena emanez gero.

 

Erantzun

Sartu