Mugikorrean hiru aplikazio instalatuta, Euskal Herriko hondartzen egoera jakin dezakezu. Hiruak daude euskaraz, eta Bizkaia eta Gipuzkoakoen kasuan, pertsona kopuruaren informazioa ere ematen dizute, Koronabirus garai hauetan jende pilaketa arriskutsuak ebitatzeko.
Hiru aplikazioek mapa edo zerrenda bidez erakusten dituzte hondartzak, eta kolore kode ohikoekin adierazi, bertara joan gaitezkeen ala ez: berdea (libre), horia (kontuz), eta gorria (ez etorri, edo ez bainatu). Lapurdiko hondartzen kasuan, bainuari eta itsasoaren egoerari dagokio kolorea; beste kasuetan, hondartzaren jende kopurua ere tartean izan daiteke.
Euskaratzeari dagokionez, aplikazio instalatzean gaztelera edo euskara aukeratu dezakezu Bizkaiko edo Gipuzkoakoa instalatzean, eta Lapurdikoan aldiz, mugikorraren ezarpenen arabera agertzen zaizu hizkuntza (uste dugunez).
Mendebaldetik hasita...
Bizkaia: Bizkaiup (Google Play - Apple denda)
Aplikazio hau Bizkaiko Foru Aldundiaren informazio orokorreko aplikazioa da, eta aurtengo udan jarri dioten atal gehigarria da hondartzen informazioa. Beheko menu-aukeretan, igerilariaren ikonoan klikatuta iristen zara hondartzetara. Edukiera zein itsasoaren egoera, bakoitza kolore desberdinekoa izan daiteke. Detaile gehigarriak ere badaude, hondartza batzuk "dinamiko" izendatuta daudela, hau da, bainatu eta ibiltzeko bai, baina ez dira eguzkia hartzeko.
Puntu on bat aplikazio honetan, hondartza batzuek duten aparkalekuaren egoera ere esaten dizu, betea, ia betea ala nola dagoen.
Gipuzkoa: Nik Hondartzak (Google Play - Apple denda)
Aplikazio hau berria da, aste honetan bertan agertu da aplikazio dendetan, eta modu zehatzean ematen du informazioa zenbat dagoen hondartza bat betea (portzentaia batekin, ez dakigu zehatz nola egiten duten hori). Informazio hori 10:45etatik aurrera emate hasten dira. Euskaratzearen aldetik hondartza batzuen izenak gaztelaniaz ikustea zatar geratzen da (La Concha zona 2, adibidez). Argazki irudiak eguneratuak direla dio aplikazioaren informazioak...
Lapurdi: Kalilo (Google Play - Apple denda)
Lapurdiko aplikazioak ere babes publikoa duela dirudi, Euskal Hirigune Elkargoko bainu eremuak aipatzen baititu... jakina, Lapurdin daude denak, Hegoaldean ere hondartzak bakarrik Bizkaia eta Gipuzkoan bakarrik dauden bezala. Euskaraturik Android telefono batean aplikazioa euskaraz txukun agertu zaigu (mapa frantsesez den arren), baina ez gaude ziur nola ikusiko duten aplikazioa iPhone-dunek eta Android ez euskaratuek... susmoa dugu frantsesez izango dela.
Kasu honetan hondartzetako jende kopuruari buruzko informaziorik ez dute jarri, dirudienez. Gainerako baldintza meteorologiko eta uretakoak (analisien aldetik ere) ondo adierazita daude ordea.
Erantzun
Sartu