Teknologia albisteak

Uztarriak webgunea berritu du

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-07-07 : 11:05

Uztarriak, Azpeitiko herri-komunikabideak, aldizkaria eta webgunea berritu ditu uztail honetan. Tokikom plataforma izeneko azpiegiturara aldatu da Uztarria, 2002. urtetik osatu duen 20.000 artikuluko artxiboa berekin dakarrela. Euskarazko tokiko hedabide digitalen artean, arrakasta handienetakoa duena da Uztarria.eus. 2019an, 2.4 milioi bisita izan zituen, eta 7 milioi orrialde ikusi ziren. Aurten ere hazten ari da bisitarien kopurua, urtearen lehen sei hilabeteetan, ihazko datuekin alderatuta, %51 hazi da bisita kopurua. 

2002an sortu zen Uztarriaren webgunea, puntu-com helbide batean, nagusiki Josu Azpillaga ingeniariaren ekimenez. CodeSyntax enpresak egindako lehenbiziko webguneetako bat izan zen, Zope izeneko azpiegitura batean; gerora, diseinu eta azpiegitura berrikuntza batzuk izan ditu (tartean Django software librera igaro zen azpiegitura), eta orain Tokikom elkartearentzat garatu Tokikom Plataformara salto egin du. Hain zuzen ere, plataforma honek beste webgune batzuetan (GoienaHirukaKarkara...) dituen ezaugarriak, Uztarriaren esperientzia luzean izan dute aurrekari "historikoa".

Azpiegituraz aldaketak egin dituen arren, webguneak 21. mende honetan argitaratu duen edukia bertan dago gordea, hemerotekan. Gaika zein garaiaren arabera arakatu daiteke bertan 21. mendeko Azpeitiko herriaren historia bizia. Hona 2002ko urtarrileko albiste bat, Zelaitxo antzokia bota zutenekoa. Azpeitian erreferentzia ezinbestekoa da webgunea eta dituen bisita-estatistikak dira horren lekuko. Azpeitiko erabiltzaile eta elkarteek webgunearen komunitatearekin nola bat egin duten azpimarratzekoa da.

Webguneko berrikuntzarekin batera, paperezko hilabetekeria ere berritu da. 229. alearekin, tamaina formatu txikiago bat konbinatu dute orrialde gehiagorekin. Hemen hori azaltzen duen albistea, bideoarekin.

Uztarria Tokikomen partaide da, eta haren bidez, baita Hekimen elkartekoa. Iazko ekainetik, Urolako Komunikazio Taldea (UKT) irabazi asmorik gabeko kooperatibako kide da ere bada. 

Erantzun

Sartu