Teknologia albisteak

Mugikortasun berriaren alde Donostian

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-07-03 : 10:01

Donostiako pertsona talde batek "Mugikortasun berriaren alde" manifestua zabaldu du. Donostia Bizikletaren aldeko Hirien Sareko kide den arren, eta Sare horrek "oinezko eta bizikletarien mugikortasuna hobetzeko neurri irmoak eskatu" arren pandemiaren aroan, eta hiri asko neurriak hartzen ari diren arren, Donostian huts, azaleko mugimenduak bakarrik. "Eusko Jaurlaritzak 2019an klima-larrialdi egoera aitortu zuenetik ere, gure hiriak ez du mugikortasun jasangarriaren mesedeko erabaki garrantzitsurik hartu", salatzen du agiriak. Jarraian, testu osoa.

Mugikortasun berriaren alde

Koronabirusaren pandemiak etxean geratzera behartu gintuen lehenik, eta orain kalean elkarren arteko distantzia mantentzera. Beraz, hirien antolaketa ere aldatu beharra izan dugu. Une egokia da espazio publikoa birdiseinatzeko, hobeto elkarbanatuak eta lasaiagoak izan daitezen. Halaber, mugikortasun jasangarriagoa sustatzeko aukera ere bada: eredu ez hain oldarkorra, garraio publiko onak dituena eta oinezko zein bizikletarientzat erosoagoa. Ideiok behin eta berriz entzun arren, erakundeen hitzetan entzun eta nazioarteko hitzarmenetan irakurri baditugu ere, manifestu honen sinatzaileen ustez hitzak eta ekintzak ez datoz bat: Donostia, aurrera egiten baino, atzera egiten ari dela dirudi.

Duela bi hamarkada, Europan indarra hartzen ari ziren mugikortasun-neurriekin lotu zen Donostiaren izena: oinezkoak, bizikletak eta garraio publikoa. Hastapenean, oinezko, bizikletari eta pertsona zaurgarrienen aldeko ekimenek kritikak piztu zituzten dendari eta alderdi batzuen artean. Hala ere, 1999ko Mugikortasun Hiri Itunari esker, politika- eta gizarte-adostasun zabala erdietsi zen. Zoritxarrez, ekimen horiek gauzatzearekin batera erdigunea zulatzeari ere ekin zitzaion, gero eta lurrazpiko aparkaleku gehiago egiteko. Auto pribatua lehenesten zuen erabaki hark gure mugikortasunaren oraina eta geroa baldintzatu zituen, epe luzerako esleipenak baitziren.

Donostia Bizikletaren aldeko Hirien Sareko kide den arren, mugimenduan atzera geratzen ari da. Pandemian argi geratu da: oinezko eta bizikletarien mugikortasuna hobetzeko neurri irmoak eskatu zituen sareak. Paris, Berlin, Bartzelona edota Londres hiriek, besteak beste, behin-behineko neurriak hartu dituzte, leku batzuetan egonkortu dituztenak. Valentzia eta Valladolid moduko hiri ertainagoek ere eraldaketa nabariak gauzatu dituzte. Donostiak, ordea, azaleko neurri gutxi batzuk besterik ez ditu ezarri, inondik inora nahikoak ez direnak; publizitate mezuak lehenetsi zaizkie oinezko eta bizikletarien segurtasuna eta erosotasuna bermatzeko ekimenei.

Eusko Jaurlaritzak 2019an klima-larrialdi egoera aitortu zuenetik ere, gure hiriak ez du mugikortasun jasangarriaren mesedeko erabaki garrantzitsurik hartu. Ingurumena eta herritarren osasuna hobetzeko hitza eman zuen Klima eta Energiaren aldeko Alkateen Itunean, baita 2050 Klima Estrategia sinatu ere. Berriz ere, baina, ekintzak ez datoz bat nazioarteko konpromisoekin. Aitzitik, garraio publikoan murrizketak iragarri ditu hurrengo bizpahiru urteetarako.

Ulertzen dugu diru-bilketek behera egingo dutela, ulertzen dugu aurrekontuak ustekabeko gastuei aurre egin beharko diela, ulertzen dugu epe ertain eta laburrean doiketak beharko direla. Baina ez dugu ulertzen auto pribatuek gurean duten presentzia izugarria mantendu edo, are, areagotzea. Ezin dugu, garraio-zerbitzu publikoak murriztu bitartean, auto pribatuen erabilera sustatu eta horretarako denon baliabideak (espazio publikoa, airearen kalitatea, errepideak eta aparkalekuak eraiki eta mantentzeko dirua....) autoen mesedetan bideratzea.

Murrizketak ez dira Dbus garraio publikoaren konpainiaren defizita murrizteko bide bakarra. Zerbitzua eskastuz, mugitzeko beste modurik ez duten herritarrak kaltetuko dira, eta beste erabiltzaileak aldenduko (horrela, jakina, jasotako dirua murriztuko da). Osasun-egoerak bermatzen duenean, Dbus lehiakorragoa bilatu beharko da: bus-errailak, lehentasuna semaforoetan, arrazoizko prezioak, geltoki egokiak... mugitzeko aukera erakargarri, eraginkor eta jasangarria izan dezagun.

Autoek eta motorrek badute, jakina, funtzioa gurean, eta euren espazioa behar dute. Afera espazio horren zenbatekoan datza: nabarmena da ez dugula nahiko toki donostiar eta bisitari orok ibilgailu pribatuan egiteko joan-etorri guztiak, nabarmena da lekua elkarbanatu egin behar dugula bizitzeko, ibiltzeko, korrika egiteko, bizikletan aritzeko edota terrazan esertzeko. Autoei egun eskainitako espazioari gehiegizko deritzogu. Kutsadura, zarata, arrisku eta istripuak ez ezik, espazio amankomunak elkarbanatu beharra ere badago. Horregatik behar dugu mugikortasun berria, tinko jarduteko garraio publikoaren, oinezkoen, bizikleten, haurren, adinekoen eta mugikortasun murriztua dutenen alde: denon espazioa era egoki, garbi eta atseginagoan elkarbanatzeko.

Dei egiten diogu, beraz, Donostiako Udalari, gure ustez herritar gehienen interesa biltzen duten eskaerok kontuan izan eta gauza ditzan.

Sinatzaileak

Ana Malagon Zaldua, produktu eta zerbitzu digitalen diseinatzailea

Agurtzane Intxaurraga, antzerkigilea.

Ander Gortazar Balerdi, arkitektoa eta EHUko irakaslea.

Ander Izagirre, idazlea.

David Gonzalez Cob.

Eduardo Malagón Zaldua, UPV/EHUko Ekonomia Aplikatuako irakaslea.

Ekain Munduate Thhusberg, Ingeniaritza ikaslea.

Federico Abreu Silveira, lankidetzan aholkularia.

Gorka Hoyos Berastegi, Kalapie elkartearen izenean.

Iban Zaldua Gonzalez, idazlea.

Imanol Intziarte Arruabarrena, kazetaria.

Iñaki Zaratiegi, kazetaria.

Itziar Gonzalez Gurrutxaga, EHUko irakaslea, Donostiako Ingeniaritza Eskolan.

Jesus Mari Alquézar Fernandez.

Jonander Agirre Mikelez, arkitektoa.

Laura Maioz Basterretxea.

Manuel Jimenez Perez, arquitecto – urbanista.

Mikel Iturria Aristizabal, kultur teknikaria.

Miren Urquijo Arregui, Antropologia irakaskea EHUn.

Nerea Lizarralde Gonzalez, kazetaria/periodista.

Nora Erdozia Ibañez, arkitektoa.

Pello Gutiérrez Peñalba.

Sabin Zubiri Rey.

Xabier Vazquez Eizmendi.

Erantzun

Sartu