Duela egun batzuk Kupla Kultura Plataformaren berri eman genuen bezala, Koronabirusaren pandemiak kulturgintzaren sektorean eragindako zaurgarritasunarekin kezkatutako beste elkarretaratze baten berri jakin dugu: SOS Kultura euskal kulturaren sektorea defenditzeko ekintza publiko gisa aurkeztu da; eta Kultura Gara izenekom manifestua kaleratu du.
Plataforma honek protesta agerraldiak egin zituen ekainean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan (hemen ekintza haren informazioa); eta manifestu baten bidez egin ditu publiko bere erreibindikazioak. Kultura Gara manifestuko puntu batzuk laburtu ditugu jarraian:
1- Kultura eskubide bat da, GIZA ESKUBIDEEN ALDARRIKAPEN UNIBERTSALEAN halakotzat hartzen dena. (...) Hala bada, babestu egin behar da. Eta oinarrizko ondasun unibertsala den heinean, erakunde publikoei kultura pertsona guztiei heltzea eta kultura-sare osorako lan-baldintza duinak bermatzea eskatu behar zaie.
2- Kultura Industria da, gure gizartearen motor ekonomikoaren zati handi bat. Guztira 1.092 eragileek osatzen dute kultura-sektorea, eta guztira 762 milioi euroko diru-sarrerak batzen dituzte. EAEn 6800 pertsonari baino gehiagori ematen diete lana (langile guztien %2,9), honek EAEko enpresen %4a eta Nafarroako foru komunitatearen %3a suposatzen du. (Euskal kulturaren behatokiaren txostenetik lortutako datuak) Hala bada, pentsatu beharko litzateke kulturan erabiltzen den dirua inbertsioa dela, eta ez gastua. Lanpostu horiek babestea lehentasuna izan beharko luke.
3- Kultura ondarea da. Hala aitortzen du UNESCOk. (...) Hala bada, argi dago kultura-ondarea kontserbatzeko neurriak hartu behar direla, desager ez dadin. Ez dezagun ahaztu etorkizuneko belaunaldiekiko konpromiso bat dugula. Egungo sortzaileek euren kultura- erreferente hurbilena eskaini behar diegu. 4- Kultura identitatea da. Bistan dago, horregatik jotzen da ondaretzat. Kultura gizarte baten erakusgarri da. Gizarteak gizartearentzat sortua. Sortzaile eta hartzaileen arteko hartu-emanean etengabe aberasten den “jatorrizko deitura”. Hala bada, kultura arriskuan jarriz, garena jartzen dugu arriskuan. Identitaterik gabeko herria entitaterik gabeko herria da, eta desagertu egingo da.
5. Kultura osasuna da. Osasunaren definizioa OMEren arabera: "Osasuna erabateko ongizate fisikoa, mentala eta soziala da, eta ez soilik gaixotasun eza”. "OMEk osasun-arretan artea eta kultura sartzea gomendatzen du". Hori 2019ko azaroan iragarri zen, eta 2020ko martxoan errepikatu zen, COVID-19ren pandemia bete-betean. Hala bada, kulturak ezinbesteko funtzioa betetzen du. Bereziki gaur egun; pertsonen eta gizartearen osasuna osatzen lagundu dezake eta lagundu behar du. Kulturari muzin egitea eta kultura eskuratzeko erraztasunik ez ematea osasun publikoa atzera botatzea da.
6- Kultura pentsamendu-tresna bat da. (...) "Pentsatu egiten dut, beraz existitzen naiz" esaldi ospetsua honela berridatzi liteke: "Kultura daukat, beraz existitzen naiz".
7- Kultura gizartea eraikitzeko tresna bat da. Hau aurreko guztitik, historiatik eta esperientziatik ondorioztatzen den egi ukaezina da. Beraz, kultura, orain eta beti aurre egin behar dugun berreraikuntza sozialaren erdigunean egon beharko luke.
Manifestu osoa, PDF eran, hemen.
Erantzun
Sartu