Teknologia albisteak

Lau hizkuntzatako hitzarmen bat, Etxepare Institutua barne dela

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-06-16 : 10:17

Lau hizkuntzatan idatzitako hitzarmena sinatu du Etxepare Institutuak berearen pareko lana egiten duten beste hiru erakunderekin, Institut Ramon Llull katalanarekin, Consello da Cultura Galega delakoarekin eta Instituto Cervantes Espainiakoarekin. Lankidetza-esparru bat ezarriko da lau erakunde hauen artean, estatuko berezko kultura eta hizkuntzak sustatzen dituzten ekintza komunetan parte hartzeko.

Hitzarmenak hartzen dituen ekintzak dira:

  • Berezko hizkuntzen eta kulturen ezagutza zabaltzea jatorrizko lurraldetik kanpo;
  • kultura-jarduerak planifikatzea eta gauzatzea, adierazpide eta diziplina artistiko guztietan (erakusketak, kontzertuak, mintegiak, topaketak, etab.).
  • erakundeen zentroetan zabaltzeko interesgarriak diren kultur programak edo ekimenak sustatzea, sinatzaileen arteko lankidetza sendotuz.

Batzorde bat jarriko da martxan, aldian-aldian aztertuko duena zer lankidetza-maila duten kultura espainieraz, katalanez, galizieraz eta euskaraz zabaltzeko jarduera horiek. Lau urterako izango da protokolo hau.

Online egindako ekitaldi batean egin zen protokoloaren izenpea, eta ekintza horren telekonferentziako irudia da Etxepare institutuak zabaldu duena, bertan ageri da Irene Larraza Etxepareko zuzendaria (irudian).

Euskara-irakurletza eta katedren egoera

Era berean, Etxepare Institutuak jakinarazi du Koronabirusaren pandemiak eragindako egoeran, atzerriko unibertsitateetan dituen irakurletzea eta katedra gehienen egonaldia luzatu egiten dela kasu gehienetan 2021ra, 2020ko udaberriko jarduerak askotan ezin izan direlarik burutu.

2020ko udaberrian ospatzekoak ziren bost katedrek, beraz, modu ezberdinak topatu dituzte euren programazioek kalte handirik jasan ez dezaten. Chicagoko Unibertsitateko Koldo Mitxelena Katedra, adibidez, 2021ko udaberrira igaro dute oso-osorik; eta gauza bera egin dute Bordeleko Jean Haritschelhar Katedraren eta Liverpoolgo Unibertsitateko Manuel Irujo Katedraren programazioekin, nahiz eta azken honek eskaintzen duen Manuel Irujo MRes ikerketa bekaren deialdiak irekita jarraitzen duen, ekainaren 15era bitarte. Frankfurteko Goethe Unibertsitatean dagoen Eduardo Chillida Katedrak, aldiz, bi konponbide ezberdin aurkitu ditu: 2019-2020ko bigarren lauhilekorako programatua zegoen ikasgaia online bidez ematen ari diren bitartean, ekainean egin behar zuen workshop edo tailerra udazkenera atzeratu dute. Boise State Universityko Eloise Garmendia Bieter Katedra martxoan zen hastekoa, eta larrialdi-egoerak bete-betean hartu du; oraingoz udazkenera atzeratu dute, eta egoeraren arabera online bidez egitea planteatuko da.

2020ko udazkenean burutzekoak diren Katedren programazioek ere etorkizuna zalantzan dute, baina badituzte alternatibak. New Yorkeko CUNY Unibertsitateko Bernardo Atxaga Katedra urrian da egitekoa, Mari Jose Olaziregiren gidaritzapean; eta aurrez aurreko saioak prest dauden arren, posible da online modalitatera igarotzea. Amale Artetxe, Argentinako CONICET zentroarekin adostutako katedra berria, udazkenerako aurreikusia dagoen arren, hastapenetan da oraindik, eta etorkizun hurbilean emango da argitzera egitaraua eta prozedura. Massachusetts – Amherst Unibertsitatean kokatzen den William Douglass Katedra abendurako dago aurreikusia, eta espero da aurrez aurre egin ahal izatea. Azkenik, ikerketa egonaldi batean oinarritzen den Renoko Jon Bilbao Katedra aurtengo ikerlariaren hautaketa-prozesuan dago, laster iragarri ahal izango dena. Egonaldia udazkenean egitea aurreikusten da.

Erantzun

Sartu