Teknologia albisteak

Nahieran baino hobea den Nahieran-bis bat, bi informatikariren ekarpena

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-05-25 : 10:31

Mikel Larreategi informatikariak EITB Nahieran zerbitzuaren API bat sortu zuen duela lau urte. Zerbitzuak gutxi gora-behera funtzionatu du tarte honetan, baina eskuzko eguneratze batzuk behar zituen. Orain Larreategik automatizatu egin du eguneraketa. eta horretan oinarriturik Asier Musak web aplikazio bat txukundu du, Nahieran-en edukietara Nahieran-en bertan baino erosoago sartzeko.

Nahieran da EITBren artxiboa, nahi eran edo on demand edukiak berrikusteko webgunea. Haren edukiak beste modu batean berrarbiltzeko, API zerbitzu bat prestatu zuen Larreategik 2016an, eta aurkeztu zuen Europython biltzarrean (ikus aurkezpena), eta UEUren Software eta Teknologia Librearen III. Mintegian.

Horrez gain, API horretan oinarrituta Kodi plataformarako plugin bat egin zuen EITB Nahieran bertan ikusteko. Kodi da plataforma libre bat multimedia edukiak norberaren telebistan ikusteko.

Honela azaldu du Larreategik harrezkero proiektuak izandako eboluzioa: "Proiektua ez dut abandonatuta izan, baina noizean behin mezuren bat jasotzen nuen, honako edo halako programa ez zela agertzen, edo eguneratuta ez zegoela esanez. APIak EITBren webgunearekin zuzenean egiten zuen lan eta programa zerrenda osatzeko bere denbora behar zuen, webgunearen HTMLa irakurri eta menuak destripatuz programen izenak eta loturak ateratzeko. Horregatik programa zerrendaren katxe estatiko bat egin nion baina zerrenda hori eskuz eguneratu behar nuen".

Orain, ordea Github software biltegiaren aukera batzuei esker, prozesua erabat automatizatzea lortu du, eta egunero-egunero goizeko 8retan EITB Nahieranen programa zerrenda automatikoki eguneratzen da Larreategiren Nahieran APIan. Azalpen batzuk hari honetan.

Era berean, API-aren gaitasun hauek aprobetxatuz, lehendik egina zuen lana osatu du: beste web aplikazio bista bat Nahieranentzat, bilaketa eta ikuskatze erosoagoarekin. Asier Musak egin du hori, eta hemen duzue ikusgai: https://asiermusa.github.io/nahieran/ (oharra; hobeto dabil ordenagailuko ingurunean, gure mugikorreko probetan baino).

Erantzun

Sartu