Teknologia albisteak

Berriketa hutsak koronabirusak zabaltzen ditu airean, eta han gera daitezke 14 minutuz

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-05-15 : 08:53

Aldizkari zientifiko batek ikerketa argitaratu du zenbat SARS-CoV-2 birus zabaltzen dugun ahotik. Aurkikuntza nagusia, berriketa hutsarekin milaka birus zabaltzen dira, eta airean 14 minutu arte iraun dezakete ahotik irten ondoren. Inplikazio fonetiko bitxiak ere aurkitu dituzte, bide batez. Segun zer ahoskatu, birus gehiago ala gutxiago.

Honezkero jakina Covid-19 gaitza sortzen duen koronabirusa ahotik zabaltzen diren tantatxoetan egon badagoela, eta tantatxo horiek zabaldu ditzaketen pertsona asko asintomatikoak direla. Ikerketa honetan, ahotik zenbat tantatxo zabaltzen diren aztertu dute, horietarik zenbatetan egon daitezkeen birusak, eta iraupen parametroak ere neurtu dituzte.

Hona datu batzuk:

  • Eztul batek 3.000 tantatxo (respiratory droplet, ikerketako ingelesezko terminoa).
  • Doministuko batek, 40.000 tantatxo.
  • Berriketan, segunduko, 2.600 tantatxo.

The New York Times egunkariak egindako artikuluan diotenez, minutuz batez jardunez gero hizketan (hau da, 60 x 2.600, 156.000 tantatxo), tanta horietarik 1.000 inguruk birusa daramate. NYT-eko webguneak sarbidea ixten badizu (puntu batetik aurrera ordainpekoa), beste egunkari honetan aurki dezakezu testua.

Aireko tantak laster hasten dira txikitzen ezereztu arte, baina batzuek iraun dezakete 8 eta 14 minutu artean. Ozenago hitz egiteak ere tanta eta birus gehiago zabaltzen du, halaber.

Ikertzaileek argi diote:

"These observations confirm that there is a substantial probability that normal speaking causes airborne virus transmission in confined environments."

"Azterketak baieztatzen du toki itxi bateko berriketa normalak handitu egiten duela birusaren transmisioa probabilitate nabarmen batean."

Adi beraz, doministiku egitea baino arriskutsuagoa da inorekin bi minutuz berba egitea. Erabili maskara. Edo bestela, hitz egitekotan, distantzia batetik, ondo aireztatutako inguru batean edo kalean.

Analisi fonetikoa

Artikuluak beste datu bitxi batzuk ere badakartza. Ikertzaile talde berak beste ikerketa bat egin zuen urtarrilean, eta topatu zuen fonema batzuek tantatxo gehiago zabaltzen dituztela airean beste batzuek baino. Adibide bat aipatzen da, 'th' healthy hitzean, hau da, gaztelaniazko Z: tantatxoak sortzen oso ona omen da.

Beraz, ez esan Ithaskun, esan Izaskun.

Beste ikerketa bat argitaratu zen urtarrilean (beste talde bat, University of California, Davis) zeinean bokalak neurtu zituzten: i bokalak tantatxo gehiago sortzen ditu, nonbait o-k eta u-k baino, ulertu dugunagatik.

Oharra: itsatsi dugun irudia beste ikerketa batekoa da (hemengoa), ez da beraz testuan ikertutakoaren deskribapen bat.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu