Teknologia albisteak

Bizitokitik kilometro bat: app euskaldun batek erraz markatuko dizu

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-04-29 : 10:35

Egoitz Gonzalez informatikariak Android mugikorretarako app interesgarri bat sortu: Bizitokitik Covid-19 du izena, eta markatzen du zenbat urruntzen zaren bizitokitik eta ea etxetik haurrekin irteteko edo kirola egiteko edo osteratxoa egiteko duzun kilometro bateko perimetroa gainditu duzun.

Zera da kontua: Espainiako Gobernuaren aginduz, joan den asteburutik nagusi bat irten daiteke haurrekin, etxetik kilometro bateko distantziara. Datorren asteburutik, neurri bera aplikatuko da kirola egiteko edo besterik gabe osteratxoa eginez ibiltzeko. Kilometro bat etxetik, Hego Euskal Herrian bizi direnentzat.

Kilometroaren muga hau noraino den jakiteko, Gaindegiak webgunean laguntzako tresna bat jarri zuen: puntu bat aukeratu, eta inguruan perimetroa marrazten du, kilometro bateko erradioarekin. Egoitz Gonzalezek hortik garatu du ideia: behin etxeko puntua markatuta, aplikazioak perimetro finkoa erakusten du uneoro (ez da perimetroa gehiago mugitzen), eta zure posizioa erakusten du perimetro horretan puntutxo urdin batekin. Sustatuko editoreak aproba egin du artikulu hau ilustratzeko, eta hortxe, muga-mugara iritsi da, baina ikusten duzuenez ez du baimenik itsasoraino iristeko Donostian.

Garapen azkarreko app bat da Gonzalezena, eta denboraz larri, ez du igaro oraindik Google Play dendaren barrera. Hortaz, .apk fitxategia jaitsi behar duzu hemendik (fitxategira lotura zuzena hemen: .apk). Aplikazioa martxan jartzeko, INPORTANTEA, adi ohar hauei:

  • Jatorri ezezaguneko aplikazioa baimentzeko aukera ezarri behar duzu zure Android-eko ezarpenetan.
  • Aplikazioa lehen aldiz instalatu aurretik, kokapen funtzioa (GPS funtzioa) aktibatuta eduki ezazu.
  • Etxean zaudela ireki eta instalatu aplikazioa, ze perimetroa lehenbiziko aktibazioarekin marrazten da.

Informazio gehiago Egoitzen webgunean, eta Twitterretik egon daitezkeen arazoak ere argitzen ditu garatzaileak.

Software librea da garapen hau, eta sortzaileak Github-en publiko egin du kodea.

Erantzun

Sartu