Teknologia albisteak

Covid-19 gaitzaren izaera multiformea eta ezezaguna

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-04-28 : 13:48

Koronabirusaren gaitza, COVID-19, larria dela jakin badakigu, baina oraindik apenas dakigun gorputzari nola erasotzen dion, eta eraso horiei aurre nola egin. Estatu Batuetako zientzia-gaietako kazetari dibulgatzaile serioenetako batek erreportaia egin du New York Magazinen, eta bertako puntu nagusi eta kezkagarri batzuk hona dakarzkigu.

Epidemiaren hastepenetan, asteetan zehar, osasungintzako profesionalek pentsatu izan zuten COVIDek zituela pneumonia edo gripe arrunt baten sintomak, gutxi gora-behera larrituak. Arnas-aparatuaren disfuntzioak eragiten zituen zerbait, ustez. Baina 200.000 hildako izan direnean jada munduan, gaixotasuna bera definitzea oso zaila da.

Sintoma tipikoenak zein diren esan izan zaigu, baina datu pilaketarekin, ez dago hain argi:

  • Sukarra? New York-eko ospital sistema nagusian trataturikoen artean, %70ak ez zuen sukarrik.
  • Arnasteko zailtasunak? Ikerketa desberdinen artean, %11 eta gehienez %40k duten sintoma. Guztiarekin, azkenean gaixotauna larritzen denean, heriotza kausa arnasaren etetearekin lotuta egon da kasuen %53an. Eta hala ere, arnasgailuak zenbateraino izan diren onak zalantzan dago: Txinan arnasgailua jarri zieten %86a hil ziren, New York-en %80 heriotza tasa omen dago trataera horrekin.
  • Immunitate ahula? Arrisku faktoretzat hartzen da, baina ez dago argi ea HIESaren kasuan GIBak egiten duen bezala, immunitate sistemari jotzen dion gaitzak ala alderantziz, gehiegizko erantzun immunizatzailea sortzen duen gorputzean ("barne ekaitz" erasokor bat sortu).

Gorputzaren hainbat organotan eragiten duela ere ikusi dute: burmuinak, begiak, sudurra, birikak, odola, zainak, gibel, giltzurrun eta hesteak... Zainetan koaguloak eta eragin kardiologikoak kezkagarriak direla ematen du, eta bihotzeko bat-batekoak jota hil direnen kopuruak handiak direla dirudi, kasu askotan diagnostiko edo analisirik egin gabe gainera (ezin jakin benetan Covid den).

  • Wuhanen, bihotzean kalteak gaixoen %2oa. Arritmia %44ak zainketa berezian zeudenen artean
  • Odol koagulo ez ohikoak Holandako zainketa berezietako gaixoen %38aren aretan.
  • Giltzurrunetako arazoak, dialisia aplikatu behar izateraino, New York-eko eta Wuhaneko %14/%30 kasuen artean.
  • Txinako gaixoen erdiek kaltea gibelean, eta beherako arazoak %20/%50 artean.

Hortaz, pandemiaren konfinamendu garaia nola gainditu ez da hemen arazo bakarra, inondik ere. Gaixotasuna bera misterio zientifiko handi bat da, eta hori larria da berez.

Irakurri erreportaia, ingelesez badakizue.

Eta sintomen inguruko kezka handi honen erdiak, beste kontu bat: haurren artean Kawasakiren sindromea ari dela hedatzen, bereziki Erresuma Batuan, eta gaixotasun hau Covid-19-rekin lotuta egon daitekeela. Gaixotasun hau zer den, nolako sintomak dituen, EITBko Dani Alvarez kazetariak kontatu du, duela urte gutxi bere semeak izan baitzuen (onik dago orain zorionez).

Argazkia: Irekia, Eusko Jaurlaritza: ikerketa lana Osakidetzaren laborategi batean.

Erantzun

Sartu