Teknologia albisteak

Batua.eus itzultzaile automatikoarekin ari dira Cities Skylines jokoa euskaratzen

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-04-13 : 12:09

Game Erauntsia bideo-jokalarien euskal komunitateak, Batua.eus itzultzaile neuronalaren laguntzarekin bideojokoak euskaratzeko proiektua abian jarri du. Batua.eus itzultzaile neuronal bat da, Vicomtech enpresak garatua eta API bat ireki diete Game Erauntsikoei, probak egiten hasteko jokoak itzultzen. Cities Skylines jokoarekin hasi dira.

Hiri baten hazkundearen simulazioa egiten duen jokoa da Cities Skylines, Sim City eta beste batzuen ildotik. PC-etan eta zenbait plataformatan jokatu daiteke. Paradox Interactive enpresak sortutakoa da.

Itzulpen ekimenak zenbait jokorekin egin ditu Game Erauntsiak orain arte, eta tutorial erako Eusplay proiektua ere aurkeztu zuten berriki. Era berean, Weblate izeneko itzulpenak kudeatzeko sistema ere instalatua dute, zeinak berrerabilpenak uzten dituen.

Hala ere, orain arte itzulpenak egiteko prozesua nagusiki eskuz egin beharrekoa izan da. Batua.eus-ekin hasitako bidean, berriz,  lan luze eta temati hori asko erraztuko digun zerbitzua estreinatuko dute. Honela egin dute: Weblate lotu dute Batua.eus-en APIarekin, aproba gisa oraingoz, eta honela pasatzen hasi dira jokoa osatzen duten 10.211 testu kateak eta 106.399 hitzak. Gaztelaniazko bertsiotik ari dira testu-kateak pasatzen, Batua.eus-en ez dagoelako oraingoz ingelesetik abiatutako itzulpenik.

Jokoan eta Weblaten erabiltzen diren testu kate gehienak 'po' formatuan daude, softwarearen lokalizazioan erabiltzen den formatuan, eta Batua.eus-en API dagoeneko horretara egokitu da. Emaitza, Game Erantsikoek esan digutenez, ona da, baina hobea testu luzeagoekin, menu-agindu eta aukere laburrekin baino. Hain zuzen ere, Batua.eus batez ere trebatu izan da EITBk emandako albisteekin, eta esaldi osoagoekin hobeto funtzionatzen du software interfaze batean ikusten diren mezu eta agindu laburrekin baino. Baina espero daiteke 'po' fitxategi gehiagorekin trebatutakoan, horretara ere iritsi daitekeela itzultzaile neuronal hau.

Guztiarekin, itzulpen automatikoa behin erabilita itzulitako testu kateak errepasatzea ezinbestekoa da euskaratze prozesua era egokian gauzatu dela ziurtatzeko. Hori egiteko euskal jokozaleen komunitatearen laguntza nahitaezkoa da: Batuak egindako itzulpena Weblate plataforman txertatu dute komunitatearen arteko elkarlana posible egiteko. Hor lagundu dezakezu itzulpena hobetzen, "onartu gabeko testu kateak" errepasatzen.

Infomazio gehiago, Game Erauntsiaren webgunean.

Erantzun

Sartu