Iñaki Galdos zutabegileak bibliofilia ariketa polita dakar gaur bere blogean. Juan San Martin euskalari eibartarraren Zirikadak eta Eztenkadak liburuak errepasatu ditu, 1960ko hamarkadan idatzitako umorezko pasadizo bilketak, eta 1918an egon zen gripe espainiarraren pandemiaren erreferentziak aurkitu ditu. Umoretsuak (!!), gainera.
1918ko gripe pandemiak (Espainiako gripea ezizenaz ere ezaguna) 1918. eta 1919. urteetan munduan 500 milioi pertsona kutsatu zituen, eta zenbat hil ote zituen ez dago argi, 20 milioi eta 100 milioi lagun artean hil ote ziren kalkulatzen da, behetik edo goitik. Espainiako gripea izena gora-behera, penintsula 'trancazo' izen herrikoiarekin deitu zitzaion, eta Hego Euskal Herrian 'trankasua' erabili zela ematen du, hala ageri da Juan San Martinen testu horietan.
Juan San Martinen kontakizunak Soraluze eta Eibar inguruko txiste eta pasadizo bilketak dira, eta zenbait dira epidemia hari buruzkoak. Hona adibide bat:
Joan omen zen Leandro izeneko bat gaixo zegoen Sarrapel laguna bisitatzera:
-Ño! ez hago hain gaizki! hanka biak ohean dituk behintzat!
-Hanka biak ohean?
-Bai, Don Nikanor medikuak esan zidak hanka bat kanposantuan daukaala eta!!
Irakurri beste pasadizo batzuk Iñaki Galdosen testuan.
Erantzun
Sartu