«Osasun krisiaren testuinguruan, Frantses Gobernuak euskara, korsikera, bretoiera, katalana, alsaziera eta okzitaniera erabiliko ditu bere euskarrietan». Hala irakurri dugu Kazeta agerkarian, baina ai, apirilaren 1a da eta hortaz Apirileko Arraina dugu hori. Hala ere, bada sinetsi duenik! (ikus erantzunak hari honetan)
Espainiako eta Frantziako ohiturek egiten dute bereizketa Euskal Herrian honetan ere. Inuzente Eguna egiten da Hego Euskal Herrian abenduaren 28an Espainiako ohiturari jarraiki, eta Apirilaren lehena Ipar Euskal Herrian.
Ohituraren jatorria XVI. mendean kokatzen da. Frantzian Urteberri ospatzeko jaialdiak martxoaren 25ean hasi eta apirilaren 1ean bukatzen ziren. 1564an erregeak gregoriotar egutegia ezarri zuenean urtarrilaren 1era mugitu zuen. Kondairak dio kontrakoek martxoaren bukaeran jaiak antolatuz eta opariak eginez jarraitu zutela eta, aldekoek, aurrekoak irrigarri uzteko asmotan, zentzugabeko opariak eta asmaturiko jaiak egiteari ekin ziotela. Honek tradizio bilakatu eta urtero txantxak egiten zituzten. Poisson d'avril edo "arrain" izena zodiakorekin lotura estua du, egun horretan eguzkiak piscis izar-multzoa uzten baitu.
Beste herrialde batzuetan ere egiten da: mundu anglosaxoian Fool's Day edo kaikuen eguna da, eta Espainiako Estatuan ere bada egun honetan txantxa markatzen den lurralderik: Galizian día dos enganos («gezurraren eguna») dute eta Menorca uhartean Dia d'enganar («iruzur egiteko eguna») da.
Erantzun
Sartu