Amaya izeneko enpresa kaliforniarra lider da mundu mailan konputazio kuantikoaren alorrean. Kriptografia, bilatzaileak eta adimen artifizialean puntako produktuak dauzkate. Bueno, fikzioan da hori: Devs izeneko zientzia-fikziozko telesail batean enpresa protagonista da Amaya, eta pertsona-izenetik hartua dela agerikoa da gainera, fundatzailearen alaba hilak zuen izena baita traman. Barkatu tranpatxoa eta izenburua clickbait asmoa.
Konputazio kuantikoa hastapenetan dagoen garapen zientifikoa da, eta zalantza dago bere baliagarritasuna norainokoa den. Konputazio klasikoan bit-ak badira kalkuluen ardatza (bit bat, 0 edo 1 egoeran egon daiteke), qubit bat ez da 0/1 unitate binario bat, probabilitarte kuantiko posibleen kalkulu bat baizik. Teorian, dozenatxo bat qubit en konputazioarekin milioika bit-en indarra gainditu daiteke. Teoriatik praktikara doan aldea edo saltoa, ordea, zabala da oraingoz.
Nolanahi ere, Devs telesailean salto edo jauzi hori egina dago: Amaya da horretara dedikatzen den enpresa, eta hainbat produkturekin munduko enpresa indartsuena da. San Francisco hiriaren aldirietan, baso batean, kanpus edo egoitza bat daukate, moderno-modernoa. Izan zitekeen Google, edo Facebook edo Microsoft.
Bi atal eman dituzte oraingoz, baina Amaya izena du enpresak sortzaileak, Forest delako CEO indie-itxurakoak, Amaya izeneko alaba bat zuelako (haurra zela hil zen Amaya, ez dakigu nola). Izatez, Amaya haur hori agertzen da Foresten oroitzapenetan eta baita ere, dirudienez, enpresaren fikziozko iragarki eta marketin irudietan. Enpresaren egoitza den parajean. auditorio baten ondoan, haur baten estatua erraldoi bat daukate eta hori ere Amaya dela dirudi. Kredituetan ikusi dugunez, Amaya Mizuno-Andre du izena Amaya gorpuzten duen aktoretxoak. Norbaitek erreparatu dio izenaren bitxitasunari, nola euskaraz "amaiera" ere esan nahi omen duen ('the end').
Telesailaren izena, ordea, Devs da, unitate sekretu bat duelako Amaya enpresak, proiektu itxi eta inportante bati dedikatua: hori da Devs. Hitza lotua dago Dev edo Development terminoarekin (garapena), baina nahita da iluna: barruan ez daudenek ez dakit zer egiten den Devs-ek. Pista askorik ez dugu emango, baina barruan Qubit ia infinituak dituen ordenagailu kuantiko bat garatu dute, eta itxura batean honetara dedikatzen da: unibertsoa deterministikoa omen da, eta horrek esan nahi estatu fisiko jakin batetik, haren ondorengoak (edo aurrekariak) kalkulatu daitezkela. Itxura batean, Amaya eta bere kudeatzaileak gauza dira Devs-i esker determinismoa determinatzeko...
Aire mistiko bat du telesailak, baina funtsean, zientzia fikzio hard edo gogor samarra da, hipotesi zientifiko-tekniko aurreratuetan oinarritua (lehen bi kapituluak ikusita esan dezakegunatik).
Hulu kateak ematen du Devs AEBetan (atalak ostegunero, etzi 3.a beraz), eta Hego Euskal Herrian HBO streaming-ean ikus daiteke.
Amaya eta bere irudi korporatiboa, irudiotan:
Erantzun
Sartu