Teknologia albisteak

Euskararen jabekuntza, kudeaketa eta hizkuntza-praktikak XXI. mendean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-03-08 : 16:43

Izenburu honekin (Euskararen jabekuntza, kudeaketa eta hizkuntza-praktikak XXI. mendean) EHUk masterra ematen hasiko da aurtengo irailean. Soziolinguistika gaitzat duen ikasketa berriak EHUk zabaldu berri duen 2020-2021 biurteko berezko masterrak eta graduondokoak eskuorrian agertzen da.

Master eta graduondokoen artean, berezko masterrak dira kreditu gehieneko ikasketak eta era horretakoa da master soziolinguistiko hau, 72 kreditukoa. Egitura modular hau edukiko du:

  • Euskararen Kudeaketa eta Hizkuntza-praktikak Erakunde Publikoetan: 15 kreditu
  • Euskararen Hizkuntza-praktikak eremu ez-formaletan: 15 kreditu
  • Hizkuntza-kudeaketa eta Hizkuntza-praktikak eremu sozioekonomikoan: 15 kreditu
  • Euskararen jabekuntza helduaroan: 15 kreditu

EHUko Euskara Institutuaren ardurapean sortu dute masterra, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sustatuta. Euskalgintzan aritzeko langileak trebatzea dute helburu, uste baitute «profesionalen gabezia» dagoela, Berriak argitaratu duenez.

EHUren foiletoaren arabera, "Master honekin, erakunde publikoetan euskara erabilera normalizatzeko teknikari lanetan jarduteko oinarri bikaina lortuko duzu. Eremu sozioekonomikoko erakunde, finantza-entitate, enpresa eta abarretan euskara planak diseinatu eta garatzeaz arduratzen diren aholkularitza-enpresetan ere izan dezakezu lan-aukera ederra. Baita gaztetxoen aisialdirako ekimenak gauzatzen dituzten enpresetan ere. Edo helduen euskalduntzea helburu duen euskaltegi-sare zabalean, nahiz HABEn bertan. Jende-beharra izango da arlo horietan guztietan hurrengo urteetan."

Erantzun

Sartu