Teknologia albisteak

Euskararik gabeko txio-mapa zahar bat, eta gaurko Twitterreko egoera benetakoa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-02-12 : 10:11

Azken egunetan mapa bat zabaldu da Twitterren, Europako Twitterreko hizkuntza-erabilera erakusten duena, eta euskararen arrastorik apenas duena. Ia kontesturik gabe zabaldu da irudia, baina datu batzuk eman ditzakegu: 2011ko irudi bat da. Gaur egunean zer emango luke mapa hori berregiteko ahalegin batek? zaila da jakitea, baina datu nahiko segurua da hilabetero 250.000 txio egiten direla euskaraz.

2011ko mapa

2011ko irudia berragertu da orain ba... tarteka irudi zaharrak magikoki berragertzen direlako Interneten. Balio du irudiak orain? Ez dakigu. Balio zuen orduan? agian bai, baina hori ere ez dakigu, ez baita segurua euskararen neurketarik egin zen ere: Compact Language Detector (CLD) izeneko Googleren programa bat erabili zuten mapa egiteko. Ez dakigu ziur euskara detektatzen ote zuen orduan, 2011n, uste dugu baietz. CLD2 bigarren bertsioa kaleratu zenerako, 2013. urtean, seguru bazegoela euskara.

Irudi horren istorioa hemen kontatzen da. 2011n software hori Chrome nabigatzailearen luzapen batean zegoen integratuta. Mike McCandless delako batek softwarea atera zuen eta Eric Fischer delako beste batek Twitterreko jarioetan aplikatu zuen. Twitterrek garai hartan irekita zituen APIetan, geokokatutako txioei aplikatu zitzaion, eta mundu mailako mapa bat lortu zuen Fischerrek, eta 2011ko urriaren 24an igo zuen Flickerrera. Irudi handi haren Europako zatia da orain ikusten duguna.

2020ko egoera

Euskara Twitterren egon badagoela ebidentzia bat da, zalantza legoke, mapa berreginez gero, euskararen koloreko txioak ikusiko ote liratekeen Europako mapa batean.

Umap zerbitzuak euskarazko Twitterreko jarduna neurtzen du duela urte batzuetatik hona, eta gora-behera batzuekin, hilero 250.000 inguru txio detektatzen ditu euskaraz. Hilero argitaratzen dira txostenak. Zenbait parametroren bidez, konklusio batzuetara iritsi gara CodeSyntax-en (Umap-en eta Sustaturen sortzaileak):

  • Euskaraz dakiten txiolariak 60.000 inguru izan daitezke (euskara hutsezko Twitter kontu batzuek badute hainbeste jarraitzaile).
  • Horietarik, inoiz euskaraz txiokatu izan dutenak, ordea, gutxiago dira: 20.000 inguru.
  • Hilabete jakin batean, 20.000 horietarik, erdiak mutu daude eta beste erdiak aktibo, benetan txiokatzen duten pertsonak dira.
  • Erabiltzaile aktibo horien jarduna kontrolatzen du Umap-ek, eta hortik ateratzen dira hilero gutxi gora-beherako datu egonkor batzuk: 10.000 lagunek 500.000 txio egin ohi dituzte, eta erdiak, gutxi gorabehera, euskaraz dira, 250.000.
  • Beti ez da berdin, baina azken hilabeteetako joera hori da. Zehatzera etorriz, ikus ditzagun 2019ko abenduko datuak:

  • Beste datu orokor bat errepikatzen ohi dena: euskaldunon txio originaletan euskara gehiago dago (%50 inguru), bertxio edo erantzunetan baino (%30).
  • Txiolari euskaldunak elebidunak izanik, gaztelaniaren eta frantsesaren presentziak adierazten du halaber, euskal txiolarien gehiengo handi bat Hego Euskal Herrian dagoela, %1 eta %2 inguru izan daitezkeela Iparraldekoak. 2014ko azterketa batekin antzeko ondorioetara iritsi ginen.

Datu hauetatik, marraztu liteke mapa bat non euskarak presentzia duen? Edo akaso marraztuz gero, euskara beste koloreek tapatua agertuko ote zen? Umap-en datuekin hori ez dago jakiterik, honengatik:

  • Umapek hilero detektaturiko 250.000 mezuak ez daude geokokatuta. Batzuk egongo dira, baina ez datua jasotzen. Txio gehienak estatistikoki Euskal Herrian gertatzen direla argi dago, baina Artikoan kontuak Norvegiatik txiokatzen duelarik, haren txioak ere zenbatzen dira.
  • Euskal Herritik, guztira, zenbat txio bidaltzen dira hilero? Hizkuntza guztietan? Milioi bat, 10 milioi? Ez dakigu. Erdal-txioen kopuruaren zantzurik ez daukagu eta, horren arabera, euskararen ikusgarritasuna handiagoa edo txikiagoa litzateke. 10 milioi puntu "gorriren" artean 250.000 txio "berde" gutxiago ikusiko lirateke milioi bat punturen artean baino, noski. 

Hortaz, mapa bat marraztea ez dago erraza, baina euskararen Twitterreko presentziaren argazki bat ematen du Umap-ek, eta presentzia hori ez da ezgauza, inondik ere. Beste azterketarik ere egin da euskarak eta beste hizkuntzek Twitterren dute presentzia erlatiboaz, eta 2014ko honetan, bereziki, euskararen posizioa harrigarriki indartsua zela ikusi zen.

Geokokatutako datu batzuk, 2018koak

Bestalde, 2018ko urtarrilean, argitaratu zen albistea Euskararen Adierazle Sistemarako Twitterreko jarduna neurtu zela, eta emaitza izan zela: Euskal Herritik egindako txioetatik %18 euskaraz zirela, %69 gaztelaniaz eta %5 frantsesezkoa. Twitterren bertan Elhuyar Fundaziotik adierazi zutenez, "EHko erabiltzaileen errolda osatzeko EHn geolokalizatutako txioak bildu ziren lehenengo. Datu-multzo horrekin sailkatzaile bat trebatu eta horrekin EHko erabiltzaile gehiago harrapatu" zituzten, 30.000 erabiltzaile aktiboko lagin bat osatuz, eta horien jarraipena eginez.

2018ko datu horiek ez dira agertzen Euskararen Adierazle Sistemaren gaur egungo Jaurlaritzaren webgunean. 2018an jakinarazitakolagin geokokatuan oinarritutako datuak barik, 2016ko inkesta soziolinguistikoan oinarritutakoa datuak dira bertakoak, galdeketa baten ondorio, beraz.
 

Erantzun

Sartu